Azpeitiak aurretik dituen erronka nagusiak definitzeko,Udalak Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa osatzeko prozesua abiatu du.

Udaletik azaldu dutenez, Plan Estrategiko berria diseinatzerakoan "denon artean, gaurtik, etorkizuneko denontzako Azpeitia eraikitzeko tresna edo bitartekoa sortu nahi da".

Udal agintarien asmoa, "indarrean dagoen 2013an osatutako plan estrategikoa hartu, berrikusi eta 2030. urtera begira berri bat osatzea da". Gainera, aurreko ekintza plana ere 2020. urtera artekoa da, eta momentu egokitzak jo dute berritzeko: "2013an definitutako ekintzen errebisioa egin da eta betetze maila %60 inguruan dago; beraz, esan daiteke baliagarria izan dela azken urteetan", azaldu dute.

Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, "pandemiak hankaz gora jarri du mundua, behar bereziak sortu dira eta argi daukagu, lehenik eta behin, herritarrek dituzten momentuko behar horiei erantzutea dela Udal honen lehentasuna. Hala ere, ezin gara momentuko egoerak itota gelditu, ezin gaitezke momentua kudeatzera bakarrik mugatu. Gaur hartzen ditugun erabakien araberakoa izango da biharko Azpeitia. Eta horregatik, beharrezkoa da ikuspegi luzeagoa ere kontutan izatea".

Bi-hiru hilabeteko epean osatuko du Udalak Plan Estrategikoa. Epe horretan, arduradun politikoen ikuspegiaz gain, udaleko teknikari, taldeetako ordezkari eta herritarren iritziak kontuan har-tzeko dinamikak abiatuko ditu.

Plana osatzeko prozesua ez da hutsetik abiatuko. Izan ere, 2013ko Plan Estrategikoaren lanketaz gain urteotako "esperientzia eta momentuko egoeraren diagnosia zehatza" izango dira abiapuntu.

Edonola ere, "datorren astetik azaroaren erdira arte", udaleko arduradun politikoen eta teknikarien arteko hausnarketa egingo da eta herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko 400 galdetegi osatuko dira (telefonoz). Horren ostean, "herriko eragileetako kideekin plana lantzeko" bi saio egingo dira. Ekarpen guztiak jasota udalbatzan eztabaidatu eta onartuko da Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa.