- Leku guztietan bezala, hondartzetan ere uda berezia izan da aurtengoa COVID-19a medio.

Denboraldia bukatu den honetan, Getariako alkateak, Haritz Alberdik, azaldu duenez, jende asko hurbildu da Getariako hondartzetara. Adibide bat ere jarri du: "Aurreko urtean behin bakarrik gainditu zen 1.500 pertsonako kopurua eta aurten hiruzpalau aldiz".

Egoera honen aurrean, moila bezalako lekuak "biziberritu" egin dira eta bainurako erabili dituzte askok. "Getariarrok ondo dakigu zein garrantzitsua den gure bizi-tzetan moilak jokatu duen papera. Belaunaldiz-belaunaldi moilaz gozatu izan dugu herritarrok eta aurten ere haur, heldu eta zaharren gozamen bihurtu da", azaldu du Alberdik.

Orokorrean, "positiboki" baloratu ditu hilabete hauek, "herritarrek segurtasun distantziak mantentzen jakin dutelako". Zentzu honetan, gogorazi du prebentzio eta segurtasun neurri guztiak betetzeko, hainbat neurri hartu behar izan dituztela Udaletik: hondartzain bat kontratatu dute, komunen garbiketa maiztasuna gehitu da eta aforoaren kontrolerako sensoreak jarri dituzte.

Gurutze Gorriarekin elkarlanean, halaber, plaza gehiago erreserbatu dituzte behar gehien dituzten erabiltzaileentzat. Erabiltzaileek aldaketa hau "oso pozik" hartu dute.

Hurrengo urteari begira, eskaera bat ere egin nahi izan du Alberdik: Sorospen zerbitzuaren kostua Gipuzkoako Aldundiariak beregain hartzea. "Izan ere, eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan herri bakoitzak ordaindu behar izaten dugu bainu segururako ezinbestekoa den sorospen zerbitzua. Getariako herritarroi aurten 138.000€ kostatu zaigu zerbitzu honen kontratazioa".