- Zarauzko Arkamurka Natura Elkarteak, Astronomia Astea antolatu du, beste urte batez, eta aurtengoan XXII. edizioa ospatuko du taldeak irailaren 29an hasi eta urriaren 6a bitartean.

Apirilean egin ohi dute, baina pandemia dela eta, atzeratu egin dute. Egoeragatik, bestalde, "astea" deitu ordez, "jardunaldiak" izenpean aurkeztu dute. Helburua, ordea, betikoa da: "Gauza berriak ikusi eta ulertzea". Hala, guztira, bi hitzaldi egingo dituzte. Biak 20.15ean hasiko dira. Lehenengoa, Modelo aretoan izango da eta bigarrena, berriz, streaming bitartez (http://arkamurkanaturtaldea.blogspot.com) eskainiko dute.

Irailaren 29an EHUko irakaslea den Ander Gonzalez de Txabarrik hartuko du hitza. Argia argituz izenpean, argiari buruz mintzatuko da. Arkamurkatik adierazi dutenez, hitzaldiaren hasieran, historian zehar gizakiak argiari buruz izan dituen ideia eta ezagueraren inguruan jardungo du. Ondoren, argi ezberdinen izaera eta ezaugarriak landuko ditu, bai eta erradiazio hauek astronomian duten erabilerei buruz.

Urriaren 6an, EHUko Zientzia planetarioen taldeko kidea eta halaber, Arkamurka Natur Elkarteko bidelaguna den Itziar Garateren txanda izango da. Unibertsoaren eskalak azalduko ditu zarauztarrak: "Unibertso behagarriaren tamaina 10^27m-koa da, kuatriloi bat kilometrokoa. Baina inork ezin du halako neurri bat imajinatu. Gure mundutik kanpora zoom eginez, unibertsoaren egitura eta bertako objektu garrantzitsuenen eskalak ezagutuko ditugu", azaldu dute Natur Elkartetik.

Jardunaldi hauetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak eta bide batez, astronomian murgiltzera.

Modelo aretoan izango den ekitaldian, segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte: beharrezkoa izango da musukoarekin joatea, sarrera-irteeretan gel hidroalkoholikoa egongo da eta aforoa ere mugatu egingo dute, areto barruan eserleku batetik bestera segurtasun distantziak bete daitezen. Ekitaldiaren ondoren, berriz, gela guztia desinfektatuko dute.