- Saninazioetan Euskal Herriko txoko desberdinetatik jende asko gerturatzen da urtero Azpeitira familia giroko ospakizunetara zein kaleko giroaz gozatzera baina koronabirusak eragindako egoera ikusita, Nagore Alkorta, Azpeitiko alkateak “aurten ez etortzeko deia” egin die bisitari horiei.

Alkatearen hitzetan, “bizi dugun egoera hobetzen denean, guztiak esku zabalik hartuko ditugu, baina bereziki uztailaren 30 eta 31n eta abuztuaren 1ean ez etortzeko deia egin nahi diegu; ez dagoelako ospakizunetarako baldintzarik”.

Edonola ere, Nagore Alkortak zabaldutako mezua ez dago kanpotik herrira gerturatzen direnei zuzenduta bakarrik. Izan ere, alkateak gutun bat bidali du herriko etxe guztietara, “herritarrei orain artean erakutsitako jarreragatik eskerrak emateko eta egun berezi hauen atarian hartutako neurriak gogorarazi eta ardura eskatzeko”.

Egoera normalean Saninazio jaien atariko egunak izan beharko lukete hauek Azpeitian, baina COVID-19aren pandemia dela eta, festak bertan behera uztea adostu zuten herriko eragileek eta Udalak uztailaren hasieran.

Egitaraurik gabe, festarik ez dela izango gogorarazi du Alkortak: “Saninazioak festa bereziak dira azpeitiarrontzat, baina aurtengoan ez da jairik ospatuko. Egun berezi hauetarako neurri bereziak adostu ditugu tabernariekin gainera”.

Hala, aforoa zorrotz kontrolatuko da, terrazan edo taberna barruan soilik izango da kontsumitzeko aukera, udaltzaingoa indartuko da eta taberna, jatetxe eta soziedadeak 00.00etan itxiko dira.

Gauzak horrela “arduraz joka-tzeko, planak birplanteatzeko eta jende pilaketarik ez sortzeko” eskatu die alkateak azpeitiarrei.