- Deskonfinamenduaren hasieran, Orioko Udalak aukera eman zien tabernariei terrazak handitzeko, mahaiak aparteago jarri eta bezero gehiago hartu ahal izateko. Udaletik jakinarazi dutenez, ordea, "momentuko egoerari erantzuteko" neurri bat izan zen, ostalariei laguntza emateko pandemiak eragindako egoera zailean, ostalaritzako establezimenduen jarduera "oso mugatua" baitzegoen. Beraz, gaurtik aurrera terraza guztiak lehengoratu egin beharko dira.

Udalaren arabera, tabernari gehienek berehala murriztu dute beren terraza eta lehengo neurrietara ekarri dute. Baina, badira oraindik agindua betetzen ari ez diren hainbat negozio. Horregatik, kasu hauek udaltzainen bisita jasoko dute. Jakinarazpen bana emango diote terrazari buruzko arauak errespetatzen ez dituzten ostalariei, beste gainerako ostalari guztiek bezala egin dezaten eta denen onerako jarritako neurriak bete ditzaten.

Ostalaritzako lokalez gain, Udalak jakinarazi du isunak jarriko dizkietela txakurrak lotu gabe daramatzatenei eta gorotzak jasotzen ez dituztenei. Txakurrak uhalarekin lotu gabe eramatea arau-hauste larritzat joko dute, eta jabeak 300,52tik 1.502,53 eurora arteko isuna jasoko du. Txakur-gorotzak uzteagatik kale eta plaza publikoetan, berriz, isuna 601,01 eurorainokoa izatera heldu daiteke.