- Hasiera batean Zumaiako Udalak San Telmo jaiak bertan behera uztea erabaki bazuen ere, behin egoera hobetuta, aste honen amaieran izatekoak ziren sanpedroak "modu berezian" egingo dituztela iragarri dute. Ekitaldietan jende pilaketarik onartzen ez denez, batik bat "haurrei zuzendutako ekimenak eta kontzertuak" izango dira aurtengo festetako protagonistak.

Marina Bidasoro kultur zinego-tziak jakitera eman zuenez, larunbatean hasiko dira jaiak Musika Eskolako Dultzaineroekin (9.00etan); arratsaldeko 18.00etan haurrentzako antzerkia izango da Beheko Plazan. Igandean, Zumaiako Musika Eskolako eta Tolosako dultzaineroeen goiz soinuak herria alaituko du; 10.00etan Trikitxas bikotearen kalejira abiatuko da, eta 13.00etan jota ikuskizuna izango da Beheko plazan; arratsaldean haurrentzako zine-emanaldia (17.00etan) eta ZUMB Big Band kontzertua (19.30ean) izango dira. San Pedro egunean, ekainaren 29an, Tolosako dultzaineroen ostean meza abestua ospatuko da Parrokian (11.00etan); eguerdian ZUMBen eskutik pasodobleak eta boleroak joko dituzte (13.00etan); arratsaldean, haurrentzako zine-emanaldia (17.00etan) eta TikTararen kontzertuarekin (19.30ean) amaituko da programazio "berezi" hau.

Hauetan guztietan, "aforoa kontrolatu" ahal izateko, gonbidapen bitartez egingo dute. Guztiak, Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri, bezperan. Udaletik ekimen hauetan parte hartzeko gonbidapena har-tzeko deia egin dute, "aforoa ohikoa baino txikiagoa izango baita"; herritarren arteko distantzia gordetzeko neurriak hartuko dituzte, eta ikusleek maskara jantzita eta eserita egon beharko dute.

Gaurko egunez, Ekhi gaua ospatu izan ohi dute zumaiarrek suaren bueltan. Horren ordez, Astindu dantza elkarteko kideek online ikuskizuna antolatu dute. Estalapean (baleike.eus orrialdean) ikusi ahal izango da gaur bertan. Udaletik gogorazi nahi izan zuten ez dela San Juan Iturrian surik piztuko, ezta Gernika parkean ere, eta herritarrei adierazi die ezin izango dela surik egin.