- Hamar urte pasa dira Zarauzko Itulazabaleko udal baratzeak martxan jarri zirenetik. Zarautz izan zen orduan aisialdiko baratzeetarako lurzoru publikoa herritarren eskura jarri zuen udalerri aitzindarietako bat. Baratze horiek izaera soziala eta aisialdikoa dutenez, esleipenetarako lehentasuna eman zaie pentsiodunei eta langabezian dauden pertsonei, enplegua duten eskatzaileak azken postuetan utzita. Hala, egun 144 erabiltzaile egonkor eta 35 erabiltzaile berri ditu eremuak. Beste 18 eskatzaile, berriz, itxaron-zerrendan daude.