- Orioko Udalak bi autokarabana gune prestatu ditu udarari begira herrian: autopista azpian eta Ortzaikan.

Autopista azpiko guneak 18 plaza ditu. Ur-hartunea du eta baita ur zikinen hustubidea ere. Inguruan komun publikoa du, erabilgarri; eta Udalak hiru edukiontzi jarri ditu bertan: errefusa, beira eta on-tziak jasotzeko. Ekainaren 15etik aurrera TAOa ordaindu beharko dute erabiltzaileek eta gainerako hilabeteetan, berriz, doan izango da.

Ortzaika auzoko autokarabana-guneak, berriz, hamar plaza ditu. Inguruan dauka auzoko hondakin-gunea, edukiontzi guztiekin eta errio ondoko iturria ere bertatik bertara dauka. Gune hau doanekoa izango da urte osoan.

Bestalde, Udalak gune horietan bete beharreko arau batzuk zehaztu ditu eta seinaleak ere jarri dituzte bertan.

Besteak beste, honakoak dira ezarritako neurrietako batzuk: eremu horiek autokarabanak aparkatzeko dira bakarrik; aparkatzeko denbora mugatu egin du Udalak: gehienez, bi gau eta hiru egun; sartzeko eta ateratzeko ordutegia 7.30etik 20.00etara izango da; debekatuta dago eremuan materialak uztea, mahai-aulkiak jartzea eta kanpoan jatea eta azkenik, erabiltzaileek txukun mantendu beharko dute ingurua eta hondakinak behar bezala birziklatu.

Ekainaren 15etik aurrera autokarabanaz gain udalerri osoan martxan jarriko dute TAO zerbitzua. Beraz, egun horretatik aurrera herritarrek aparkatzeagatik kuota bat ordaindu beharko dute.