- Zarauzko Udalak, urtero, Basarri Bertso paper lehiaketa antolatzen du, bertsolariaren omenez. Euskara suspertzeaz gain, bertsogintzari laguntzea du helburu.

Egungo alarma egoerak, ordea, kolokan jarri du kultur mundua, hainbat kultur jardunaldi eta ekimen bidean erortzen edo atzera-tzen ari dira. Era berean, itxialdi honek “herritarren sormenerako gogoa eta lanerako asmoa piztu dituela” azpimarratu zuen Irune Urbieta kultur zinegotziak. Alde honetatik, Zarauzko Udalak “oroimenean oinarritzen den eta ahoz aho transmititzen den euskal literatura sari honekin jarraitzeko esfortzua egingo du” azaldu zuen.

Hori horrela, Zarauzko Udalak Basarri Bertso paper lehiaketa aurreratzea erabaki du, uztailetik ekainera. “Helburua, herritarren sorkuntza-grina eta lanerako gogoa aprobetxatzea dira, eta, bide batez, etxeratze-egoeran, denbora nola xahutu jakin gabe dabiltzan horiei aukera bat gehiago eskaintzea”, azpimarratu zuen Urbietak.

Lanak aurkezteko epea irekita dago dagoeneko, eta ekainaren 14ra arte izango da horretarako aukera. Sari-banaketa, aldiz, uztailean izango da, Motxian bertso eskolak antolatzen duen bertso-astearen baitan.

Berrikuntza gisa, oinarrietan, aldaketak egin dira. Batetik, aurten, egile bakoitzak gehienez, bi lan aurkeztu ditzake, eta bestetik, osasun-neurriak ahal bezain zuzen betetzeko asmoz, emailez soilik aurkeztu ahalko dira lanak. Parte hartu nahi duen orok xehetasun guztiak aurkituko ditu oinarrietan, eta horiek eskuragarri izango ditu Udaleko web orrian (www.zarautz.eus ).