- Zumaiako San Telmo jaiak urrira arte atzeratu badituzte ere, herritarrek ez dute asteburu hau ahaztu nahi izan eta etxeetatik ospatu dituzte festak.

Gertu merkatari eta ostalarien elkartearen, Ikusminen, Zumaiako bertso eskolaren eta Baleikeren elkarlanaren bitartez antolatu dituzte.

Santelmoak Etxetik izenburupean, egitarau oparoa izan dute zumaiarrek. Ospakizunekin pasa den larunbatean ekin zieten jaiei eta hiru egunez urdinez jantzi dituzte txoko guztiak.

Danbor soinuak ere ez dira falta izan eta etxeetatik izan badira ere, helduena zein haurrena ospatu dute.

Datorren astebukaeran repetizioekin emango diete jarraipena eta oraindik egitaraua publikatu ez duten arren, martxan dela jakinarazi dute. Herritarren batek proposamenik edo iradokizunik izango balu, egitaraua@santelmoak.tk helbidera mezu bat bidaltzeko aukera luzatu dute antolatzaileek. Instagram kontua (@santelmoaketxetik) ere ireki dute jaiak bertatik jarraitzeko eta partekatzeko asmoz.