- Eusko Jaurlaritzak aldi baterako eten zituen nekazal eremuko produktuen zuzeneko salmentarako egiten diren merkatu eta azoka tradizionalak, baina erabaki hori bertan behera laga ondoren, Azkoitiko baserritarrak eta bestelako ekoizleak berdura plazako postuetara eta larunbatetako merkatura bueltatu ahal izan dira aste honetan, beren produktuen salmenta zuzena berreskuratuz.

Hori bai, jarduera hori burutu ahal izateko alarma egoeraren ondorioz ezarritako segurtasun neurriak zorrotz bete behar dituzte (berdura plazan pasabide batek banatu behar ditu postuak; sei metro egon behar dira postutik postura; postu barruan saltzaileek gutxienez bi metroko tartea gorde behar dute euren artean...).

Bestalde, merkatuen etenaldiaren ondorioz etxez etxeko zerbitzua abiatu zuten hainbat ekoizlek zerbitzu hori ematen jarraitzen erabaki dute. Hauek Zumeta (628 751 531), Santa Kutz (615 733 154), Berastegi elkartea (628 283 258), Erribera (688 603 123) eta Balentzixa (688 602 120) dira.