- Egoera berrietara moldatzea tokatzen ari zaie sektore gehienei. Horren adibide da lehen sektoreari dagokion Aiako Testaje Zentroak pandemia honen aurrean hartu behar izan duen erabakietako bat: online egingo du ganadu enkantea lehen aldiz.

Webgunearen bitartez ospatuko da eta eskaintzak egiteko epea bihar zabalduko da 17.00etatik aurrera. Horretarako azken eguna, berriz, igandea izango da, 14.00ak arte.

Guztira 38 zekor-idisko jarriko dituzte salgai: limusina arrazako 30, bi txarolesa, hiru pirenaika eta hiru blonda. Haragitarako idisko ugaltzaileen irteerako prezioa 1.600 eurokoa izango da; ugalketarako idisko gazteena 2.200 eurokoa; eta ugalketarako promesa idiskoena 1.900 eurokoa.

Salmentarako ganaduen fitxak ikusgai jarri dituzte dagoeneko webgunean. Hala, bakoitzaren argazkia eta sarrerako zein irteerako informazioa (esplotazioa, jaiotza, genealogia, balorazio morfologikoa, errendimendua) topa daitezke bertan.

Arraza Anitzeko Ganaduen Enkantean parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da webgunean eskuragarri dagoen inprimakia betetzea. Behin hau eginda konfirmazio mezu bat jasoko dute parte-hartzaileek. Ondoren, erabiltzaile-profila sortu beharko da eta hortik aurrera, eskaintza egiteko aukera izango da. Enkante-sistema 100 euroko goranzko eskain-tzak izango dira eta ohi bezala, handiena egiten duen erabiltzaileari esleituko zaio animalia.