- Azken urteotan Urola bailarako ehunka ume biltzen dituen Azkoitiko 3x3 Futbol festa ekainaren 26tik 28ra bitartean egitekoa zen aurten baina koronabirusak sortutako egoeraren ondorioz, antolatzaileek ekitaldia atzeratzea erabaki dute, beti ere, “haurren osasuna eta segurtasuna bermatzeko”.

Udalarekin adostutako erabakiaren ondoren, Azkoitiko 3x3 Futbol festa irailaren 4tik 6ra bitartean ospatuko da Herriko Plazan “ekainaren amaieran egoera nola egongo den inork ezin duelako ziurtatu”, adierazi dute.

Hasiera batean aurtengo Futbol festan parte hartzeko izena emateko epea maiatzaren 15ean amaitzen zen baina antolatzaileek epe hori uztailaren 1era arte luzatu dute.

Hori dela eta, datorren irailean egingo den 3x3 Futbol festan parte hartzeko interesa duten bailarako umeek Azpeitia Cup txapelketaren webgunean eman dezakete izena. Jokalari bakoitzak 12 euro ordaindu behar ditu izena ematerakoan.