- Zumaiako EAJ udal taldeak, COVID-19 pandemiari aurre egiteko "guztien elkarlana" ezinbestekoa dela adierazi du: "Hartutako neurriek gure bizimodua zaildu badute ere, guztion artean egiten ari garen esfortzua fruituak ematen ari da eta horrek erakusten digu elkarlana eta batasuna direla gaitz honi aurre egiteko bideak" jakinarazi zuen Oier Korta Zumaiako Udaleko EAJko bozeramaileak.

Zentzu honetan, Udaletik ere "guztiok norabide berdinean arraun" egiteko proposamena luzarazi zien EAJk udal gobernuari. Azken hauek begi onez ikusita, udaleko hiru udal taldeen artean lan mahaia osatu zuten.

"Larrialdi mahaia martxan da osasun larrialdia iragarri zen lehen egunetatik eta dagoeneko hartu dira beharrezkoak ziren hainbat neurri soziosanitario eta baita zerga eta tasen inguruko zenbait neurri ere" azaldu zuen Kortak.

Momentu honetan lehentasuna, "krisia pairatzen ari direnei eta pairatuko dutenei baliabideak bideratzea da" jeltzalearen ustez. Zuhurtziaz jokatzea ere ezinbestekoa izango da, "Udaleko diru iturriak gutxituko baitira".

Hau guztia "elkarlanean eta egoera eta neurriak ongi aztertuta" egiteko konpromisoa hartu du Zumaiako Udalak eta "fruituak" laister iritsiko direla diote.

Kortak gogorarazi nahi izan du, halaber, Gizarte Zerbitzuetako ohiko laguntzak martxan direla. Izan ere, "Gizarte Larrialdiko Laguntzak horrelako momentuetarako ere badaude, adibidez, lanaldi murriztua konpentsatzeko, etxebizitzaren alokairua eta gastuak ordaintzeko (OHZ, etxeko asegurua, komunitateko gastuak, kontsumoak€) eta baita janaria eta oinarrizko beharretarako ere". Jeltzaleek dei egin nahi diete egoera txarra pasatzen ari diren herritarrei laguntza eskatzera. Horretarako, Brankako Gizarte Zerbitzuen bulegora jo dezakete zumaiarrek edo nahiago badute, telefonoz ere egin daiteke arreta 943 862 200 edo 608 755 982 zenbakietara deituta.