- Larke 360 S.L. enpresak Azkarateko lurretan hondakinak kudeatzeko egin nahi duen plantaren inguruan “Udal Gobernuak erakutsitako gardentasun falta” salatzeaz gain, Azkoitiko EH Bilduk “proposatzen den zabor planta pribatuak Zaldibarko ereduan sakontzen duela” azaldu du.

Koalizioak proiektatutako instalakuntzarekin duen “kezka” adierazi du. Bere ustetan, “ikusi dugu Zaldibarren huts egin duen eredu berberarekin jarraitu nahi dela”. Izan ere, “helburua hondakinen balorizazioa dela dioten arren, biltegi bat egongo da eta bertan lur kutsatuak gordeko direla aurreikusten da”, diote EH Bildutik.

Hori horrela ikusita, koalizioarentzat “Azkoitian egin nahi dena zabortegi pribatu bat da”.

Horregatik, EH Bildu “ez dago lasai”, eta jakinarazten du “buru belarri” ari dela lanean “ahalik eta informazio gehien biltzen, tekniko zein juridikoki gaiaz informazio kualifikatua jasotzeko”. Horretarako, “gure legebiltzarkideekin zein batzarkideekin zuzeneko kontaktuan gaude”.