ste Santuko prozesioak garrantzi handia izaten dute herri askotan, baina Zarautzen, egun hauetan beste mota bateko ospakizunak hartzen du indarra: Garagardo Azokak.

Garagardo Azoka Zarautz Errugbi Taldeak udaleko Turismo Sailarekin elkarlanean antolatzen du. Aurten, XX. edizioa izan behar zuen baina, koronabirusaren egoera tarteko, bertan behera utzi behar izan dute.

Haritz Astigarraga elkarteko kideetako batek azaldu duenez, Udalarekin harremanetan daude dagoeneko eta egoera hobetu ahala bilduko dira, data berriren bat jartzeko asmoz. Hala ere, garbi utzi nahi izan du bai elkartearen eta bai udalaren asmoa, Garagardo Azoka aurten egitea dela: "Errugbi sailaren finantziazio iturri nagusiena izaten da Garagardo Azoka. Aurrekontuaren %30 inguru bertatik lortzen dugu, beraz, egin beharra daukagu sail honek martxan jarrai dezan".

Proposamenetako bat urrian egitea da, baina oraindik airean dago dena, "egoeraren bilakaera ikusi behar baita".

Data finkorik jarri ez duten arren, orain arteko formatuari jarraipena emango diotela uste dute elkartetik; egunean zehar hainbat ekimen eta gaualdean, kontzertuak eta bertan afaltzeko zein garagardoa edaten egoteko lekua.

Denboraldi txukuna

Eragina taldean

Zarauzko Kirol Elkarteko Errugbi sekzioak 170 jokalari ditu egun eta aurtengo denboraldia "txukuna" izan da emaitzen aldetik.

Senior kategoriko taldea, esaterako, laugarren postuan da momentu honetan. "Urte hasieran beldurra genuen aurtengo taldearekin zer gertatuko zen. Beterano askok utzi dute errugbia eta gazte asko igo dira senior mailara. Argi ikusi dugu, ordea, taldeak lan ona egin duela eta sasoiko dagoela", jakinarazi du Astigarragak.

Beste arlotetan gertatu den moduan, eten egin behar izan dute txapelketa. Hilabete honen amaieran hartuko du erabakiren bat Espainiako federazioen elkarteak.

Txapelketa mailan ez ezik, talde mailan ere eragina izan du koronabirusak. Beste herrialdeetako bost jokalari izan dituzte denboraldi honetan Zarautzen: bi argentinar eta Zeelanda Berriko, Frantziako eta Samoako bana.

Alarma egoera ezarri aurretik, Zeelanda Berriko jokalaria etxera bidaltzeko aukera izan zuten. Samoakoa, momentuz, Zarautzen da. "Argentinakoek urteak daramatzate Zarautzen bizitzen eta Frantziakoa gertu bizi denez, arazorik ez dugu izan", argitu du.

Garagardo azoka Zarauzko errugbi taldearen finantziazio iturri garrantzitsua da, urteko aurrekontuaren %30a bertatik lortzen dute