zumaia - UEMAk udalerri euskaldunetako hamalau eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako topaketak antolatu ditu. Zumaiatik abiatuko dira gazteak ekainaren 29an eta ibilbidea, Lekeition amaituko dute uztailaren 5ean. "Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko" helburuarekin antolatu ditu UEMAk topaketak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Zumaia, Deba, Lekeitio eta Ondarroako Udalen laguntzarekin. 50 lagunentzako lekua izango da, eta martxoaren 31 bitartean zabalik dago izena emateko epea.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea; Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria; Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea; Maddi Aldalur Zumaiako Euskara eta Hezkuntza zinego-tzia; Ainize Alzibar Lekeitioko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia; Eneritz Basurko Ondarroako alkateordea eta Euskara eta Hezkuntza zinegotzia; Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea eta Aritz Larrañaga Debako Euskara zinegotziak, azaldu zituzten ekimenaren nondik-norakoak.

Salto! izenburupean, aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak azaldu zuenez, UEMAren-tzat udalerri euskaldunetako herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea beharrezkoa da. Horretarako, UEMAk martxan dituen lan-ildoetan Eusko Jaurlaritzak emandako babesa eta udalen laguntza ezinbestekoa dela aitortu zuen.

Miren Dobaranek, bere aldetik, euskararen arnasguneetan jatorria duten gazteek euskara transmititzerako orduan egiten duten lana txalotu zuen.

Zumaiako eta Lekeitioko euskara zinegotziek, Aldalurrek eta Alzibarrek, berriz, udaletan euskara zerbitzuetatik egiten ari diren lana gogoratu zuten. Eta, ekimen hau "osagarria denez", beraien herrietan hasteko eta bukatzeko eskaintza "begi onez" ikusten dute.

izen-ematea Guztira, udalerri euskaldunetako hamalau eta 18 urte arteko 50 gazteentzako lekua izango da. Ekimenean parte hartu nahi dutenek, hezkuntza@uema.eus helbidera idatzi dezakete edo 943 81 66 99 telefono zenbakira deitu. Informazio gehiago behar izanez gero, uema.eus webgunean dago eskuragarri. Izena emateko azken eguna martxoaren 31a izango da eta prezioari dagokionez, 89 euro ordaindu beharko ditu parte har-tzaile bakoitzak.

Sei eguneko txangoa izango da eta ibilbidea, hiru zatitan banatuko dute: Zumaia-Itziar (ekainak 29); Itziar-Ondarroa (ekainak 30-uztailak 2) eta Ondarroa-Lekeitio (uztailak 2-5).