zarautz - Xabier Txurruka alkateak atzo azaldu bezala, moilaren "zuloa handitzen joan da" ondorengo egunotan. Dagoeneko, ordea, badirudi "egonkortu dela" eta "mareak eta itsasaldiak eusten diola bere horretan". Hori dela eta, Udalak neurketak enkargatu ditu eta plano topografikoa gaur bertan jasoko du.

Plano topografiko hori beharrezkoa da Zarauzko Udalak esleitu diolako ingeniaritza enpresa bati exekuzio proiektua obra hori. Zehazki, Udalak Esteyco ingeniaritza eta arkitektura kontsultorari eman dio erantzukizuna gertatutako zuloaren konponketa egiteko, eta lau astetan proiektua idatzita izatea aurreikusten du. Alkateak adierazi zuenez, enpresa honek badu "eskarmentua", inguruko hainbat portuetan egin baititu konponketa lanak. Horren adibide dira Bermeoko Portu Zaharra eta Ondarru eta Bermeoko kofradia eta lonjak.

Aurrekontuari dagokionez, "oraindik zehazki jakin ezin bada ere", 200.000 euro inguruko kostua izango dute lanek.

moilako eskumena, udalarena Moila Espainiako Kosta Zuzendari-tzaren ardura bada ere, 2015. urteaz geroztik Udalari utzi zion horren eskumena. Ordutik, mantentze-lanak Udalak berak egin ditu. Orain, "benetako beharra" da moila konpontzea. Beraz, diru kantitate hori Udalak aurreratuko du, gero "aseguru etxeen eta partzuergoaren esku geratuko dela" uste bada ere.

Zarauzko Udalaren 2020. urteko aurrekontua behin betiko onartu zen pasa den asteazkenean. Beraz, Zarautzek udal aurrekontua baduen arren, "baliabide tekniko eta ekonomikoak mugatuak dira, eta aurrekontuan horrelako inbertsio bat aurreikusita ez zegoenez, egun onartuta daukagunetik bideratu behar dugu konponketa hau", jakinarazi zuen Txurruka alkateak.

Gauzak horrela, gastuari aurre egiteko erabaki dute oraingoz Itxasmendin autokarabanentzako aparkalekurik ez egitea, eta diru hori moila berritzeko erabiltzea. "Horrek ez du esan nahi Itxasmendiko plangintza geldirik dagoenik. Irita eremuan esleitu ditugu ipar ekialdeko gunearen garbiketa-lanak. Han oraindik hainbat txabola daude. Garbitu eta berdegunea bilakatuko dugu", azaldu zuen alkateak. Hein berean, aurreratu zuen Itxasmendiko bizilagunak eskatuta, hainbat erabaki hartu dituztela: haurtzaindegi aurrean dagoen aparkalekua erregulatzea eta hainbat trafiko doikuntza egitea; auzoan trafikoa geldotu eta batez ere, oinezko pasaguneetan eta bidegurutzetan segurtasuna bermatuz.

Neurri hauek hartuta, "uda honetan behintzat" autokarabanentzako aparkalekua Abendañon egoten jarraituko du. Espazioa, ordea, ondoko partzelara zabaldu egingo dute. Udalarena da eremu hori eta egun, hutsa dago. Etorkizunean udal brigadaren eraikina egiteko erabiliko da.