aia - Aiako Kirol Elkarteak antolatuta, Aiako IX. Mendi Lasterketa jokatuko da igandean. Aiako Pagoeta Natur Parketik 14,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek.

400 lagunentzat tokia izango da eta elkartetik jakinarazi dutenez, 325 kirolariek eman dute izena dagoeneko. Interesa dutenek bihar izango dute horretarako azken eguna Kirolprobak webgunean, 18 euro ordainduta. Bihar zerrenda betetzen ez bada, egunean bertan, lasterketaren aurretik, izena emateko aukera ere zabalduko du Aiako Kirol Elkarteak. Dena den, kasu honetan 25 euro ordaindu beharko dira mendi lasterketan parte hartzeagatik.

Lasterketa 10.30ean abiatuko da Aiako plazatik eta korrikalariek lehenago egon beharko dute dortsalak hartzeko. Bi ordu eta hamabost minuturen azpitik osatu beharko dute ibilbidea.

Lehenengo hiru emakumezko zein gizonezkoentzako sariak izango dira: lehen postuan gelditzen direnek 200€ jasoko dituzte, bigarrenek, berriz, 150€ eta hirugarrenek, 100€ eskuratuko dituzte.

Aurreko urteetako marka hausten dutenentzat ere izango da saria. Kasu honetan, 100€-ko ordaina emango zaio, emakumezko zein gizonezkoari.

Aiako Udalak eta Kirol Elkarteak herritarrak animatu nahi ditu bertaratzera eta baita korrika egitera ere. Aurreratu dutenez, proban parte hartzen duten guztiek hamaiketakoa eta herriko produktuekin osatutako lotea eskuratuko dute.