orio -Mondragon Unibertsitateko Prozesu Industrialetako Ekoteknologia Ingeniaritza Graduko hirugarren mailako ikasleetako bat da Aitor Atorrasagasti oriotarra. Kartoizko nukleoa duten surf taulak garatu ditu bere gelakideekin batera. Era berean, oholak bizikletan garraiatzeko sistema arin bat ere asmatu duenetako bat da Atorrasagasti. Emaitzarekin "gustura" dagoen arren, zenbait aspektu hobetzeko dituztela azaldu du.

Kartoizko nukleoa duten surf taulak sortu dituzuenetako bat zara. Ideia nondik sortu zitzaizuen?

-Hiruhileko bakoitzeko lehen asteetan irakasgai ezberdinak egiten ditugu eta ondoren, zortzi astetan proiektu bat egin behar izaten dugu, irakasleak planteatutako arazo bati irtenbidea emanaz. Kartoizko nukleoa duten surf taulena horietako lanketa bat izan da. Egun, poliestireno estrusionatua edo poliuretanoa erabiliz egiten dira surfean aritzeko taulak. Material horiek oso kutsakorrak dira. Orduan, irakasleak kartoi moduko estruktura batekin egiteko erronka jarri zigun eta horren emaitza izan dira taulak.

Taulak esan duzu. Bat baino gehiago egin dituzue, beraz?

-Bai, guztira diseinu eta modelo ezberdineko hiru taula egin ditugu.

Eta, zein izan da jarraitu duzuen prozesua?

-Irakasleak erronka plazaratu zigunean, lehenengo egunetan teoriaren inguruan aztertzen ibili ginen eta azken hamar egunak tailerrean eman genituen, ikasitakoari forma ematen.

Donostiako Kontxako hondartzan probatu dituzue taulak. Nolakoa izan da esperientzia?

-Nahiz eta probako egunean ura sartu zitzaigun tauletara, esperientzia ona izan da. Sortu behar genituen taulek antzekotasunak izan behar zituzten egun erabiltzen direnekin. Itxurari eta pisuari dagokionez, mantentzea lortu dugu. Ohikoez alderatuta, 100 gramo gehiago dituzte. Beraz, alde horretatik gustura gaude. Teknikan hobekuntzak egitea faltako litzateke.

Orduan, ura sartu zitzaizuen tauletan. Zer ondorioztatu duzue horrekin? Badu soluziorik?

-Bai, surfeko tauletako gilak konbentzionalak jartzea erabaki genuen. Horretarako, tapoi bat sartu eta zuloak egin genizkien. Uretara sartu ginenean, hasieran olatuak hartu eta zutik jartzea lortu bagenuen ere, denborak aurrera egin ahala, gilak askatzen joan ziren eta puntu horietatik sartu zitzaigun ura. Beraz, hurrengo baterako aspektu hori landu beharko litzateke.

Surf taulez bakarrik hitz egin dugu, baina bada sortu berri duzuen beste erreminta bat ere...

-Bai, oholak bizikletan garraiatzeko sistema arin bat ere asmatu dugu. Egun, surfa egitera autoz joaten dira asko. Autoa hartzen duzun momentu horretan ordea, ingurumena kutsatzen da. Hori ekiditea zen maisuek ezarri ziguten beste erronketako bat. Orain arte existitu diren sistemek taula bakarra eramateko aukera eskaintzen zuten. Surflari askok, aldiz, taula bat baino gehiago behar izaten dituzte eta horri erreparatuta, guk diseinatu eta fabrikatu berri dugunak zabalera erregulatzeko aukera eskaintzen du. Hala, taula bat baino gehiago eraman daitezke bizikletan.

Momentu honetan badaukazue beste proiekturik eskuartean?

-Ez, orain azterketekin gabiltza eta bukatzean, beste ikasgai berri ba-tzuekin hasiko gara. Teoria landu ondoren izango dugu beste eginkizun bat.

Herri bat. Oriotarra naizen arren, Zarautz herri bezala gustuko dut.

Mendi bat. Pagoeta mendia.

Hondartza bat. Orioko hondartza.

Txoko bat. Donostiako Kontxa hondartza ingurutik dagoen pasealekua.

Paisaia bat. Zarauztik Getaria bitartean dagoen paisaia, Getariako San Anton mendia ikusiz.

Festa bat. Kontxako Bandera eguneko jaia da dudarik gabe festarik onena.

Jaki bat. Gazta tarta.