zumaia - Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa antolatu du IX. aldiz Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Guztira, lau eskainiko dituzte eta guztiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira 18.30ean hasita.

Hitzaldiei aurreko astean eman zieten hasiera Maddi Sarasua bertsolari gaztearekin. Bertaratu zirenek, Euskara klase perspektibatik izenburupean, errentaren eta hizkuntzaren arteko loturaren baitan hausnartzeko aukera izan zuten. Pasa den astean hasitakoari jarraipena emanaz, bihar ospatuko da bigarren saioa.

Joseba Zulaika filosofo eta antropologoaren eskutik, Ingelesez? Gazteleraz? Euskaraz? Ikasle edo idazle baten aukerak eta dilemak izenburuko hitzaldia emango du. "Informazioan, hizkuntzan, kulturan globalizazioa nagusitu den honetan, ikasle edo idazle batek lehen erabaki oinarrizkoa egin behar du: zein hizkuntza aukeratu bere karrera egiterakoan edo bere liburua idazterakoan", dio Zulaikak. Funtsean, hizkuntzaren funtzio komunikatibo, profesional eta emozionalen inguruan eztabaidatuko du, antropologia linguistikotik hartutako zenbait nozio erabilita.

Martxoaren 4n bigarren zatiari ekingo diote. Kasu honetan, Zumaia izango dute ardatz. Imanol Azkuek Euskara Zumaian 1766-1966: historia pixka bat, istorio batzuk hitzaldia eskainiko du. Udalaren beka bati esker, berrehun urteko tartean euskarak Zumaian izan dituen gorabeherak aztertzen aritu da zumaiarra. Euskaraz hitz egiten al zuten gure arbasoek? Ba ote zekiten gaztelaniaz? Zerk indartu zuen euskara? Eta zerk ahuldu? Galdera horiei eta gehiagori erantzuten ahalegindu da, "iluntasunean adibide argigarri" ba-tzuk emanda.

Aurtengo hitzaldi zikloari amaiera emateko, Zumaian egindako ikerketa baten berri emango da martxoaren 11n. Jone Miren Hernandez eta Josu Ozaita gizarte antropologo eta ikertzaileek Soziolinguistika Klusterraren eskutik egindako ikerlanaren emaitzak azalduko dituzte: Zumaiako gazteak euskararen eszenatokian. Irudiak, diskurtsoak eta bizipenak. Hi-tzaldian Zumaiako gazteek euskararekin duten harremanen inguruko zenbait gako azalduko dira, herritar gisa eta gazte gisa bizi duten errealitatea irudika-tzeko asmoz.

Zumaiako Euskara Zerbitzuak herritarrak animatu nahi ditu saio hauetan guztietan parte hartzera eta bide batez, Euskarak herrian duen presentzia ikuska-tzera. Hitzaldi guztiak doakoak izango dira.