zumaia - Bisitari kopuruari dagokionez, %3ko hazkundea izan du azken urtean Algorri Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroak. Zehazki, guztira 18.904 bisitari izatera iritsi da pasa den 2019. urtean.

Halaber, Zumaiako Udalaren datuen arabera, Algorriko bisitari kopurua bosgarren urtez jarraian hazi da, 2014tik 2019ra %97,3ko igoera izanik (2014an 9.581 hartzaile eta 2019an 18.904 hartzaile).

Irekiera urtea kontuan hartuta (2005), berriz, guztira 165.522 bisitari jaso ditu Zumaian dagoen zentroak.

2019an pasa diren bisitari guztiak kontuan hartuta, gehienek nahiago izan dute eskaintza didaktikoaren baitan jaso hitzordua (%59). Bakarkako bisitariak daude bigarren postuan (%29) eta badira taldean bisita egitera bertaratzen diren herritarrak ere (%12a osatzen duten azken hauek).

2019. urtean, gainera, Konpromisoa Kalitate Turistikoarekin agiria berritzea lortu zuen Algorriko zentroak. Ildo beretik, azken urtean lantaldeko kideek zientziaren didaktika esperimentalaren inguruko formakuntza saioak jaso dituzte.

Konpromiso horren adierazletzat jotzen dute irakasleen balorazioetatik ateratako emaitza; 10 puntutatik 9,4 puntuko bataz bestekoarekin baloratu dituzte irakasleek bisita gidatuak.

hezkuntza Egun, eskaintza didaktikoen baitan, geologiaren inguruko ezagutza sakontzeko, hezkuntzan lan handia egiten ari da Algorri zentroa. Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta batxilergoko ikasleak dituzten ikastetxe asko bertaratzen dira Zumaiara. Bertan, adinaren arabera hitzorduak egokitzen dituzte geologia, biodibertsitatea edo Urola itsasadarreko ekosistemaren inguruan ezagutza lantzeko asmoz.

Interpretazio zentroari bisita gidatua, oinezko ibilbidea eta tailer didaktikoa barneratzen dituzte hitzordu guztiek.

Era berean, orain Interpretazio zentroan eskaintzen dituzten programa didaktikoak ikastetxean bertan egiteko aukera hasi dira ematen.