zestoa - Kobaz Koba Trail proba jokatuko da datorren igandean Zestoan, iragana bizitzeko esperientzia eskaintzen duen lasterketa. Antolatzaileek ekimenaren aurkezpena pasa den ostiralean egin zuten eta bertan nabarmendu zutenez, proba "erakargarria bezain gogorra izango da", baina hori ez da oztopoa izango. Izan ere, aurten 61 urteko emakumezko eta 65 urteko gizonezko korrikalariak hartuko dute parte.

Lasterketaren oihartzuna gero eta zabalagoa dela ere argi geratu da aurten. Dortsal guztiak agortu baitira. Hala, 555 parte-hartzaile izango ditu aurtengo probak eta horietatik 88 emakumezkoak izango dira, iaz baino hamabi gehiago. Hamabi pertsonek, berriz, barefoot-minimal runner kategorian korrituko dute. Kategoria honetan parte hartzeko onartzen diren oinetako bakarrak, drop gabekoak dira, lauak.

Korrikalarien jatorririari dagokionez, gehienak gipuzkoarrak dira baina, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldetik etorriko direnak ere izango dira. Estatu mailatik, aldiz, Kataluniatik, Burgostik, Avilatik, Errioxatik eta Kanariar Uharteetatik iritsiko dira, Zestoako koben inguruetan korrika egiteko prest.

ibilbidean aldaketak Urtero lez, bi ibilbide izango dira aurtengoan ere: Zaldei (26km) eta Artzei (15km) ibilbideak. Proba luzea egin behar dutenak, 9.00etan abiatuko dira eta laburrekoak, berriz, 9.45ean.

Antolatzaileek azaldu zutenez, Zaldei bidean aldaketa bat izango da, nahiz eta kilometroak eta desnibel maila mantendu. Zestoa zeharkatu ondoren, bidegorritik Iraeta aldera hartuko dute korrikalariek. Auzora iritsi aurretik, trenbideko tunela pasa baino lehen, ezkerretara hartu beharko dute eta hortik, Endoiara iritsiko dira. Beherakoan, aldiz, zuzenean Ekainberrira joango dira.

Hala ere, jakinarazi zutenez, ibilbidea erakusten duten ikurrak izango dira eremuan zehar eta epailearen aginduak betezea nahitaezkoa izango da.

Bestetik, lasterketa eremua zain-tzeko eskatu zuten eta lasterketa egunean bakarrik ibiltzeko ibilbidetik, bertako lur asko pribatuak dira-eta.

13.00ean egingo den sari banaketarekin amaituko da aurtengo Kobaz Koba Trail lasterketa. Zestoan, dena ez da korrika izango, ordea. Lasterketaren ondoren, parte hartzen duten guztiek hamaiketakoaz gozatzeko aukera izango dute. Dutxa zerbitzua ere eskainiko dute Iraetan, bertara-tzeko autobus zerbitzua eta guzti.