zarautz - ZarautzOn elkartea urte berriari begira jarri da. Pasa den asteartean egin zuten azken zikloko hitzaldia; klima aldaketa eta COOP 25 izan zituzten hizpide, Elisa Sainz de Murieta ikerlariaren eskutik. Elkarteko kideek ez dute geldirik geratzeko asmorik, ostiralean bertan aurkeztu baitzuten datorren seihilekora begira antolatu dituzten ekintzak.

Zehazki, hiru hitzaldi eta irteera bat dituzte prestatuta: otsailaren 18an demokrazia konplexuaren teoriari buruzko hitzaldia, Daniel Innerarityren eskutik; otsailaren 29an Iruñara irteera, Iruña Museoa eta Planetarioa bisita; martxoaren 24angenomari buruzko hitzaldia, Ana Zubiagaren eskutik; apirilaren 21ean kuantikaren iraultzari buruzko hitzaldia.

ZarautzOnen noranzkoa argi utzi nahi izan zuen, Jose Mari Larramendi ZarautzOn elkarteko lehendakariak. "Kontzientzia sortzeko zientzia lantzen jarraitu nahi dugu", eta horretarako, programa osatzerako orduan, "herritarrei interesatzen zaizkien gaiak" aukeratzen dituztela adierazi zuen.

Momentu honetan, plangintza estrategikoa lantzen ari dira, eta besteak beste, XXI. mendeko lehen bi hamarkadetan gertatutako aldaketa eta aurrerapausoei emango diete garrantzia, "zientzia, etika eta hiritartasunean begiak jarriz".

Elkartearen iritziz, "gaur egun soluzioak ez daude zientzia bakar baten esku; zientzien elkarketatik etorriko da erantzuna": "Teknologia, inteligentzia artifiziala eta robotika, derrigor filosofo eta pentsalariekin elkarlanean jarri behar ditugu, bideak eta erabakiak adostu eta kontrolatzeko".

balorazio positiboa Era beren, agerraldia aprobetxatu zuten 2019. urteko balorazioa egiteko. Guztira, ia 900 herritarrek hartu zuten parte antolatutako ekitaldietan. Beraien esanetan, "kuantitiboki zein kualitatiboki, egiten dugun balorazioa oso positiboa da".

Zortzi hitzaldi, hiru bisita gidatu eta bazkideentzat bost mintegi antolatu zituzten pasa den urtean. Horietatik, ZarautzOnek bi nabarmendu zituen: Zientziaz Blai eta Bertsozientzia ekimenak. Egitasmo hauek, "fruituak ematen" ari dira azken urte hauetan. Seigarren aldiz antolatu zuten pasa den urtean Zientziaz Blai eta, Bertsozientzia, berriz, hiru. Izandako arrakasta ikusita, udazken aldera berriz antola-tzeko asmoa dute.