zumaia - Putzu natural bat egoki-tzeko auzolan saioa egingo dute bihar, Zumaiako Joxe Mari Korta industrialdean. Soroberrieta putzuaren inguruan izango da saioa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek gidatuko dute, 9.30etik aurrera.

Putzu bat sortzea aurreikusten zuen Urola Itsasadarraren kontserbazio eta berreskuratze planak. Hala, ur-gezako putzu natural bat egiten ari dira, eta hori, erabilgarria izango da bizidunentzat.

Beraz, lanak aurreratu dituzten arren, Zumaiako Udalak bihar herritarrekin elkarlanean auzolan saioa egitea aurreikusten du, ingurua egokitzeko helburuarekin. Gainera, aurreratu dutenez, zuhaitzak ere landatuko dituzte eremu horretan.

Halako ekimenek ingurumenaren babesean duten eragin positiboa nabarmendu zuten udal ordezkari eta teknikariek, eta Zumaiako Udalaren izenean, herritarrei dei egin diete auzolan saioan parte hartzera. Eremua lokaztua egongo dela uste dute, beraz, arropa egokiarekin bertaratzea gomendatu dute.

Itsasadarraren babesa Urola Itsasadarreko paduren kontserbazio eta berreskuratze lanen proiektuko lanetako bat izango da biharkoa. Honako helburuak ditu planak, besteak beste: Zumaiako ingurumen kudeaketa ekintzen koordinazioa eta sinergia, Urolako itsasadarrean gako elementu gisa dauden habitatak berreskura-tzea eta putzuak sortzea. - A.Z.