zumaia - GazteOn programaren baitan, Herri Eskolako eta Zumaienako ikasle eta irakasleak udaletxeko pleno aretoan bildu ziren asteazkenean, Alex Oliden Ingurumen zinegotziarekin batera. Ikasleek ingurumenaren eta ingurunearen zaintzarekin lotutako bi gai eraman dituzte karteletara, eta horiek aurkezteko egin zuten agerraldia.

Alde batetik, txakurren gorozkien inguruan herrian dagoen arazoari heldu diote. Hala, lan hauetan txakurren jabeek euren txakurren gain duten ardura azpimarratu dute. Horretarako Zure maskota, zure ardura edota Hain zaila al da txakur kakak jasotzea? bezalako mezuak plazaratu dizkiete txakurren jabeei.

Egindako kartel guztien artean, Udalak bi aukeratu ditu. Hautatuak izan diren kartelen egileak honakoak izan dira: Herri Eskolako DBH 1. mailako Libe eta Izaro, alde batetik; eta Zumaiena ikastetxeko DBH 3. mailako Nerea, Ekhi eta Goiatz.

Gazteok prestatutako lanak herriko hainbat lekutan jarriko dira, hurrengo asteetan zehar. Honen bidez Udalak txakur jabeengan eremuaren zaintzak duen garrantziaz ohartarazi nahi du, besteak beste.

itsasoa ere garbi Bestetik, itsasoan plastikoak sortzen duen kalte larria salatu dute karteletan, herritarrei hondartzak garbi mantentzeko deia eginez. Bideo bat ere egin dute.

GazteOn ekimenaren baitan antolatu dute hau guztia eta jakinarazi zutenez, aurreko egunean aurkeztu zutena izango da horren bueltan egiten duten azken jarduera. 2018. urtea geroztik asko dira burutu dituzten ekintzak, denak helburu berberarekin: ikastetxeen eta Udalaren arteko elkarlanaren bitartez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin sentsibilizatzea eta, aldi berean, gazteei beren helburuak eta ekimenak aurrera eramateko pizgarriak eskaintzea. Programa honen amaiera iragarri badute ere, ildo berdinetik jarraituko dutela jakinarazi zuten, bai ikastetxeek bai eta udalak ere.

Alex Oliden Ingurumen zinego-tziek, bere aldetik, ikasleei "ingurumenaren babesak eta horren inguruan kontzientziak pizteak duen garrantzia" azpimarratu zien ikasleei, eta eskerrak eman zizkien egindako lanagatik.