ZARAUTZ - Zestoarra da izatez Maria Luisa Osa, baina Zarautzera etorri zen bizitzera hamalau urte zituela. Ordutik, bertako ostalaritzan egin du lan. Azken 29 urtetan Euromar kafetegiko arduraduna izan da bera. Igande honetan, Zurekin ostalarien elkarteko kideek hala erabakita, omendu egingo dute Sagardo Eguna dela aprobetxatuz.

Ostalaritza munduan murgildua bizi izan zara betidanik...

-Bai, hamalau urterekin iritsi nintzen Zarautzera eta familiako ostalaritza negozio batean hasi nintzen lanean. Bertan ikasitakoa hartu eta nirea irekitzea erabaki nuen, betidanik asko gustatu izan baitzait mundu hau. Zehazki 47 urte ibili naiz lanean eta horietatik 29, Euromar kafetegian. Pasa den urtean, zaila egin bazitzaidan ere, erretiroa hartzea erabaki nuen.

Erretiroa hartu eta orain, Zurekin elkartekoek aurtengo omendua zu izango zarela erabaki dute.

-Bai, hala da. Urtero Sagardo Egunean urte luzez ostalaritzan lan egin duen norbaiti omenaldia egiten diote eta dirudienez, aurtengoa ni neu naiz. Egia esan albistea oso pozik hartu nuen, eta oroigarria hartzeak lotsa pixka bat ematen didan arren, eskerrak eman nahi dizkiet Zurekin elkarteko kide guztiei nitaz gogoratzeagatik.

Zurekin elkarteko kideak aipatu dituzu. Batzar hori gertutik ezagututakoa zara...

-Beno, bai. Bi urtez batzorde horretako kide izan nintzen. Zurekineko pertsona talde batek urte askoz lan isila egin zuen eta ohikoa den bezala, ordezkatzeko ordua iritsi zen. Laguntzeko prest agertu nintzen momentu horretan, baina egia esan behar badut, ni baino lan gehiago egin duen jende asko dago.

47 urtez ostalaritzan lanean, ordea, ez da edozein ibiltzen. Asko aldatu al da mundu hori denbora honetan?

-Bai, asko aldatu da nire iritziz. Alde batetik, lehen gauetan lan gehiago izaten zen. Orain, dirudienez jendeak nahiago du goiz ibili eta afaltzera beharrean, bazkaltzera atera, esaterako. Bestetik, iruditzen zait eskaintza asko zabaldu dela azken urteetan. Honekin esan nahi dudana da, garai batean okerrago edo hobeto, denek antzeko jakiak genituen gure tabernetan. Egun, aldiz, aukera handiagoa da. Sukaldaritzan oinarritzen diren ikasketak ere indar handia hartu dute eta beharbada, horrek eragaina izan du.

Eta ibilbide honetan aurpegi ezagunen bat edo beste pasako zitzaizun Euromarretik, ezta?

-Bai, Paula Vazquez etorri zen uda batean, adibidez. Baina famatuak etortzeak ez du garrantzia handirik. Garrantzitsuena eguneroko bezeroak edukitzea da. Hori da nire ustez benetako zorteduna izatea. Azken finean ofizio honen bitartez jende asko ezagutu dut eta esan beharra daukat, zarauztarra oso jende ona dela.

Bukatzeko, ba al daukazu kontakizun bitxiren bat?

-Orain, horrela ez zait bat ere etortzen. Eskerrak eman nahi dizkiet, ordea, urte hauetako bezeroei eta baita ere nire familia guztiari; espresuki nire semeei eta bikoteari. Denok dakigu ostalaritza munduak ordu asko kentzen dituela eta beraiek beti babestu didate. Orain, bizitzako beste garai batean sartu naiz eta gehien baloratzen dudana, etxean eta familiarekin egotea da.