zarautz - Fernando Llopis donostiarra da izatez baina Zarauzko kultura departamentuan lan egiteko proposamena luzatu eta bertan eman ditu 38 urte. Orain, beste bi urtez jarraitzeko aukera bazuen ere, erretiroa hartu du 63 urterekin.

38 urtek askorako ematen dute...

-Bai, Zarautzen lanean hasi nin-tzenean ez zegoen kultura sailik eta egun, hamar kideko talde batek osatzen dute, esaterako; Sanz enea kultur etxeaz eta arlo honen baitan urte osoan zehar egiten den egitarauaz arduratu izan naiz, Modelo aretoko ekimenak barne.

Modelo aretoa aipatu duzu. Pasa den urteko otsailean eraberritu zen eta hilabete batzuetara erretiroa hartu duzu...

-Hala da. Modelo aretoa nire semea izango balitz bezala senti-tzen dut. Urte askotan ibili naiz eraikina eraberritzeko proiektuarekin eta obra hau lehen pertsonan bizi izan dut. Lan asko egin dugu sailetik eta orain ametsak errealitate bihurtu dira. Arazo bakarra du, txiki geratu dela.

Beraz, zuk uste duzu ekipamendu publiko hau txiki geratu dela Zarauzko herriarentzat?

-Biztanleria hazteak behar gehiago dakartza eta hori gertatu dela uste dut. Azpiegitura handiago baten beharra dago. Udala horretaz jabetuta dago eta esku artean du beste proiektu bat. Hori epe motzean egingo balitz, lanean jaraituko nuke. Beste bi urte luzatzeko aukera baineukan. Dirudienez, ordea, luzerako joango da eta horregatik erabaki nuen azaroan erretiroa hartzea.

Eta, zein da lan horrek eman dizun esperientziarik politena?

-Nire gustokoa izan den lan batean ibili naiz eta hori oso garrantzitsua da. Horrez gain, lanpostu honek jende asko ezagutzen lagundu dit, harreman ona egin dut hainbat pertsonekin.

Gertakizun batekin geratu beharko bazenu, zein esango zenuke?

-Modelo aretoaren irekiera, bi aldiz pentsatu gabe.

Izango duzu bitxikeriaren bat kontatzeko...

-Duela urte asko zezen plaza bat muntatu behar izan genuen, maila altuko toreroak baizetozen Zarautzera. Lan handia egin genuen dena prestatzen eta, egunean bertan, euri zaparrada egiteaz ez zuen geratu ere egin. Azkenean, bertan behera utzi behar izan genuen ekitaldia.

Orain denbora libre gehiago daukazula kulturako ekitaldiak gertutik jarraituko dituzu?

-Bai, orain arte bezala astero etorriko naiz filmen bat ikustera Modelora. Baina orain, beste ikuspuntu batekin begiratuko diot... Horrez gain, bidaiatzea gustatuko litzaidake, baita paseatzera ateratzea ere. Oraindik bizitzako etapa honetara ez naiz ohitu baina gutxinaka joango naiz.