zarautz - Urtariletik ekainera bitartean 48 jarduera kultural izango dira Zarautzen."Kalitatea eta aniztasuna" hala definitu zuen Irune Urbieta kultura zinegotziak datorren hilabeteetan Zarautzen izango diren ekintza. "Herritar ororentzat pentsatutako proposamenekin gatoz", jarraitu zuen. Izan ere, helburu nagusia adin guztietako publikoak erakartzea da. Hala, Guztiak Kultura departamentuak eta liburutegiak elkarlanean antolatutakoak, bi salbu; horiek Parekidetasun sailak prestatu ditu. Konpainien jatorriari dagokionean, Euskal Herrikoak dira nagusiki baina, hauetaz gain, badira Madrilekoak eta Kataluinakoak ere.

Programazio guztia liburuxka batean bildu dute eta herriko hainbat lekutan eskuragarri daude dagoeneko: Turismo Bulegoan, Sanz Enea kultur etxean, Aritzbatalde kiroldegian, Gaztelekuan, Udaberri elkartean, Herritarren Arreta Zerbitzuan eta Modelo aretoan. Gainera, sarrera guztiak gaur jarriko dituzte salgai Sanz Enea kultur etxean, 9.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara.

modeloko ikuskizunak Euskal Herri mailan oihartzun handia izaten ari den proposamen batekin hasiko da kultur eskaintza. Izan ere, Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Axut taldeek elkarlanean ekoitzitako Zaldi urdina obra ikusteko aukera izango da urtarrilaren 10ean, Modelo aretoan. Bertan, "heroinak gure lurraldean utzi zuen aztarna iluna plazaratuko da", azaldu zuen Olatz Azkue kultura teknikariak. Horrez gain, beste bost ikuskizun eta bi dantza emanaldi izango dira Modelon ekaina bitartean: Interrupted (Teatro en Vilo), Erradikalak ginen (Ane Labaka eta Beatriz Egizabal), Ene ba! (Txalo Produkzioak), ¡Ave Osos! (El mono habitado), Ni munduko txarrena (Vaiven Produkzioak), Gorpuztu (Doos Colectivo) eta Gauekoak (Kukai Dantza).

Etxeko txikienek ere izango dute Zarautzen kulturaz gozatzeko aukera. Horien berri eman zuen Agurtzane Aizpuru Kultur teknikariak. Gainera, berrikuntza gisa, 16.30etik 17.00etara aldatu dituzte guztiak. Hiru-lau urtetik gorako haurrei zuzendutakoak izango dira eta, batez ere, familian ikustekoak. "Esan beharra dago oraingo honetan, musikak presentzia handia izango duela", jakinarazi zuen Aizpuruk.

Bost lan taularatuko dituzte: Mari Errauskin (Glu-Glu produkzioak), Pinotxo (Gorakada Teatroa), Safari (La Baldufa), Hai, La pescadora de sueños (Cia. Giramagic) eta Kontu kantari 2. Mendian ibiltari (Laenananaranja / La Ressistens).

Bestalde, bi kontzertu entzuteko aukera izango dute haurrek. Alde batetik, Lorelei taldea "berriz elkartzera zihoazelaren albistea jaso genuen eta proposamen egokia iruditu zitzaigun Modelora ekartzea, Zarautzekin ere baduelako lotura". Bigarren proposamena, Tenpora musika taldearena da.

literatura eta erakusketak Sanz Enea liburutegian martxan jarraituko dute literatura solasaldi saioekin. Euskeraz eta gaztelaniaz egin dituzte orain arte baina aurten, pauso bat gehiago eman dute eta ingelesez ere hasi dira ematen. "Jende asko ari da animatzen eta ildo beretik jarraitzea da gure helburua", zehaztu zuen liburutegiko arduradun Idoia Etxebarriak.

Irakurketa kluba ere indarrean izango da. Bere esanetan, jende asko animatu zen hasieran, baina orain gazteak gutxiago etortzen dira. Horregatik, herritarrei bertaratzeko deia egin diete.

Gainera, ohiko moduan, Miriam Mendozak gidatutako irakurketa txokoak izango dira hilero, baita ipuin kontalari gonbidatu bat ere.

Bukatzeko aipatu zuten zazpi erakusketa izango direla. Herriko bi aretoetan egindo dira: Sanz Enean eta Torre Luzean.

Sanz Enean, Koldobika Jauregik Telmo Esnalen Dantza filmerako eginiko jantziak ikusteko aukera izango da; otsailaren 6tik martxoaren 29ra. Arte Ederrak ere izango dira eta baita urtero izaten diren Argazki Bilerak ere.

Torre Luzean, aldiz, lekua izango dute Emakumearen Egunaren baitan aurkezten diren kartelak eta baita ere Zarauzko argazkizale elkarteak aurkeztuko duena.