zestoa - Baserritar jantziak gainean zituztela atera ziren atzo zestoarrak kalera. Ohi bezala abenduaren 26arekin Zoroperiak ospatu zituzten. Goiz-goizetik, festa girorik ez zen falta izan herrian. Festaren hasiera Idiakaitz Txistulari Taldekoek iragarri zuten, kalejiran.

Herriko plazan dozenatik gora postu jarri zituzten inguruko ekoizleek, eta artisauek beste horrenbeste Laranjadi plazan. Kaleak jendez betetzen joan ziren eguerdia gerturatu ahala, eta barazki, fruta, ezti, gazta eta sagardo lehiaketak egin zituzten.

Hala, Soraluzeko Aritzaga baserriko Ezozi Etxeberriak irabazi zuen barazkien lehen saria (honek ere ondoen aurkeztutako postuaren saria irabazi zuen) eta bigarrena Bergarako Karmen Etxeberriak. Frutetan, aldiz, Jose Antonio Elosegik eta Errezilgo Azokak lortu zuten lehen eta bigarren saria, hurrenez hurren. XXII. Urolako Ezti Lehiaketan honakoak izan ziren lehen hiru sarituak: Zarauzko Patxi Esnal, Endoiako Mikel Erkiaga eta Azkoitiako Victor Larrañaga. XXI. Gazta Lehiaketa Aizarnako Arbe baserriak irabazi zuen, eta bigarren postuan sailkatu zen Igartza baserria. Sagardo Lehiaketan, aldiz, Arroako Azketa Errota baserriak lortu zuen garaipena, eta bigarren eta hirugarren geratu ziren Arroako Larratzabal eta Arroako Ibarrola baserriak, hurrenez hurren. Horren ondoren, bertaratu zirenek gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izan zuten.

Trikitixa doinuek hartu zituzten herriko kaleak arratsaldean; Zestoako Trikitixa Elkarteako hainbat belaunalditako soinu-jotzaile eta pandero-jo-tzaileekin batera kiroldegira joan ziren bertaratu ziren guztiak.

Bertan, bi urte ondoren Zoroperi eguneko kirol jaialdia ospatu zuten. Lehendabizi pilota partida jokatu zuten Abauntza Pilota Klubeko pilotariek. Salegi II eta Txapei III, Adonis eta Salegi III.aren aurka aritu ziren. Ondoren, herri kirol saioa egin zuten Arria V.ak, Zalduak, Otaegik eta Txapartegik.

Herriko txikienek ere izan zuten zer gozatu. Teleipuina txotxongilo emanaldia izan zen kultur etxean. Jaiari amaiera emateko, berriro ere plazara inguratu ziren festazaleak eta Gabenara taldearen erromeriak agurtu zuen eguna.