gure gizarte honetan gero eta gehiago hitz egiten da teknologia berriez. Ia gune eta arlo guztietan somatzen da bere eragina edota presentzia, eta nola ez, hezkuntzan ere bai. Horren adibide da Zarauzko Orokieta Herri Eskola. Euskal Herria mailan sortu den lehenengo Sormen geLab izenekoa du: puntako teknologiaz hornitutako ikasgela bat. Eskola eremu berri honek, European Scholeneteko Etorkizuneko Gelan du oinarria eta HP Hezkuntza (Reinvent The Classroom proiektua), Centros Digitales eta EA Groupekin lankidetzan eraiki dute.

Gela zabal eta erakargarria da, Orokieta herri eskolako Sormen geLaba. Horma irudi koloretsuak, puntako teknologia duten dozenaka ordenagailu, arbel baten lana egin dezakeen pare bat pantaila erraldoi, 3D inprimagailu bat, pentsatzeko erabiliko duten koltxonetadun txoko bat?

Pasa den astean aurkeztu zuten XXI. mendeko gela hau eta ikusmira handia sortu zuen, dozenaka pertsona bertaratu baitziren bertara. Ekitaldian, besteak beste Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzako Gema Gonzalez de Txabarri eta Berritzeguneko hainbat ordezkari elkartu ziren. Proiektu honetan bidelagun izan diren European Schoolnet, HP, Microsoft, Centros Digitales, EA Group, Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Zarauzko Udaleko hainbat kide ere bertan ziren. Han zen era berean, Orokietako zuzendaria, Arrate Ugalde.

Ekitaldiaren hasieran Ugaldek hartu zuen hitza: "Orokietaren helburua aspalditik izan da ikas-komunitate bat sortzea", zioen. Horren helburua, "arrakasta pertsonal, sozial eta akademikoak" lortzean datza. Horren aurrean, geLab-a beste urrats bat da. "Gure proiektua ez da sormen gelarekin hasi ez bukatu".

Izan ere, ikasleek ikasketa prozesuan jarraitzeko tresneria eta espazioak berriak diren arren, Orokieta aitzitik dago eraldaketa metodologiko prozesu batean murgilduta: "Sare Hezkuntza proiektuan parte hartzen hasi ginen, eta European Schoolnetek Etorkizuneko Gelarako daukan kita erabili genuen aztertzeko zein zen gure maila eta zer aldaketa egin behar genituen", azaldu zuen Ugaldek. HPren Reinvent The Classroom proiektuaren berri izan zuten gero, eta pentsatu zuten biak uztartu eta euren erara molda zitzaketela. "Eta horixe egin dugu gela hau sortzeko prozesuan".

Aukerak ireki

Sormen gelak eraldaketa dakarren arren, Orokietan garbi dute "teknologiak presente egon behar duela" baina ezin duela inondik inora ere helburua izan". "Ikasleak dira helburu; ikasleak gaitasunez hornitzea da helburua, eta horretarako bidea edo tresna izan behar du teknologiak".

Horregatik, gela punta-puntako teknologiarekin hornitu dute, ikasleek ikasketa prozesuan jarraitzeko tesneria eta espazioa izan dezaten. Horrez gain, ordea, pentsatzeko, lankidetzan aritzeko eta norbera bere ikaste prozesuan jabe egiteko tresneriarekin osatu dute.

Sormen gela aurrerapauso garran-tzitsua izanik ere, prozesuak jarraitu egiten duela argitu zuen Ugaldek. "Honekin ezer ez da bukatzen, jarrai-tzeko asmoa daukagu. Gure helburua beti ikasleak direlako eta era berean, horien gaitasunak garatzea, mundua aldatuz doan heinean sortzen diren behar berri horiei erantzuteko gai izan daitezen. Gogoa eta ilusioa baditugu, eta horretan jarraituko dugu".

Ikaslea ikaste prozesuaren erdigunea izanik, orain, "arazo baten aurrean pentsatzeko espazioa dute, eurek arazo horri emango dioten soluzioa edo irtenbidea diseinatzekoa, birpentsatzekoa, egin duten hori ebaluatzekoa eta hobetzekoa".

Izan ere, "sormenari" garrantzi handia ematen diote Orokietan eta ildo horretatik, ez dute nahi beren ikasleak teknologiaren kontsumi-tzaile hutsak izatea: "Gaur egun, gazte gehienek teknologia kontsumitu bakarrik egiten dute, kontsumitzaile hutsak dira, baina guk ez dugu nahi Orokietako ikasleak halakoak izaterik. Pentsatzen dugu etorkizuneko munduan herritar parte-hartzaile eta kontzienteak izateko, ikasle eduki-sortzaileak hezi behar ditugula", argitu zuen zuzendariak.

Orokietako ikasle ordezkari gisa, Mikel, Manex, Itxaso eta Marenek gela honen nondik norakoak eman zituzten eta ikasturte hasieratik bertan ikasi dutenaren berri ere azaldu zuten.

Karmele Blancok, Orokietako irakasleetako batek, ildo beretik jarraiki, gela berri honen ezaugarriak azpimarratu zituen eta azken finean "beste proiektu bat" dela ere esan zuen: "Orokietan aspalditik ari gara proiektuka lanean, eta Sormen geLab-ak horretarako aukera gehiago ematen digu".

Hala, eskolak ematerako orduan eremu honek "aukerak ireki" dizkietela aitortu zuen. Hau guztia lortzeko, lan handia egin dutela ere adierazi zuen baina batez ere, asko ikasi dutela: "ikasleek asko disfrutatzen dute bertan lanean daudenean eta beraz, irakasleok ere bai. Era berean, asko ikasten dute eta esan beharra dago, guk ere egiten dugula".

Emaitza onak agerian jarrita, orain denak "txoratzen" daude gela berrira joateko eta "agian motz geratuko zaigula" bukatu zuen, irritsu.