Atzo pintxo lehiaketa hasi zen Zumarragan Santa Isabel jaien baitan. Gaur, 12.00etatik 14.00etara eta 19.00etatik 21.00etara, lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatu ahal izango dira Bidezar, Hirukia, Saski, Txanpon, Urzubi, Ziaboga eta Berri tabernetan. Sari banaketa ekitaldia bihar izango da, 11.15ean, udaletxean.

Gaurko ekitaldiekin jarraituz, 12.30ean dantza libreko txapelketa egingo dute Zelai Arizti aretoan. 16.00etan mus txapelketa jokatuko dute Bidezarren, Txoko eta Haizea tabernek antolatuta. 20.00etan bi kontzertu egongo dira: Goiargi abesbatzak mertzedariatar lekaimeen elizan abestuko du eta Ghost Number taldeak Kalebarren plazan joko du.

Igandean, Haurren Eguna ospatuko dute. 10.00etatik 15.00etara arte eta eskulangintza azoka egongo da Zelai Arizti pilotalekuan. 11.00etan Mikel Serrano alkateak agintaritza makila emango dio alkate txikiari eta honek pregoia irakurriko du. Ekitaldi honetan bertso eskolako gaztetxoek parte hartuko dute. Ondoren, Irrintzi taldeko gaztetxoek dan-tza saioa egingo dute eta haurrentzako tailerrak egongo dira Zelai Arizti parkean.

17.30ean haur danborrada abiatuko da La Salle-Legazpi ikastetxetik. 19.30ean musika eskolako ikasleek rock kontzertua egingo dute Clara Larrañaga parkean (udaletxearen atzealdean). Ordu berean, Ganso&Cia taldeak Panoli Kabareta familia osoarentzako ikuskizuna eskainiko du Zalai Arizti parkean. Eguraldi txarra egiten badu, Zelai Arizti aretoan izango da. Asteburu honetako ekitaldiekin bukatzeko, 20.00etan trikipoteoa egingo dute Joxe Mendizabalekin.