+65 foroari eta Urretxuko udalari garrantzitsua iruditzen zaie osasunarekin zerikusia duten gaiak lantzea eta horregatik gimnasia egokitu saioak antolatu ditu. Ikasturteko azken topaketa izango da.

Gimnasia egokitu saioak Mikel Markotegik gidatuko ditu. Markotegi Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua da. Gainera, zahartze osasungarriaren eta bizi kalitatearen inguruko masterra egin du. Horretaz gain, ikerketa biomedikoan doktoregoa egin du, EHUko Ageing on ikerketa taldeko eta Siel Bleu fundazioko kidea da.

Urretxun gimnasia egokituari buruzko hiru saio eskainiko ditu. Lehenengoa hilaren 14an izango da, bigarrena hilaren 16an eta azkena hilaren 30ean.

14an Gimnasia egokitua adin aurreratuetan hitzaldia egingo du. Ekitaldia udaletxeko portaloian izango da, 17.00etan. Bigarren saioa ordu berean izango da, Iparragirre plazan. Bigarren saio horren izenburua Parke bio osasungarriak ezagutzea da. Bukatzeko, hilaren 30ean Udalak bidegorrian (Aparizio auzoaren parean) egokitu duen parke bio osasungarrira joango dira. 10.00etan abiatuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik. Parkea inauguratuko dute eta ondoren saio praktikoa egingo dute. Herrigunera itzultzen direnean, luncha egingo dute.

Informazio gehiago nahi dutenek, Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbi-tzuen bulegora jo dezakete, 943 038 083 zenbakira deitu edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi.

Urretxuko Udalak irailean jarri zuen martxan 65 urte beteak dituztenentzako foroa. Foroaren helburua adineko pertsonek beraien etorkizuna diseinatzea da. Dinamizatzaile baten laguntzarekin, parte hartzaileek gai ezberdinen inguruan hausnartzen dute: nola nahi duten zahartu, etorkizunerako nahi duten zaintza eredua, beraien harreman sareak zeintzuk diren, sare berrien diseinua, aisialdirako aukerak, adinekoentzako programak... Hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Bilerak hilean behin egiten dituzte eta bileretan parte hartzeko ez da izena eman behar. Gainera, ez da derrigorrezkoa bilera guztietara joatea.