- Baztertze arriskuan daudenei lan munduan murgiltzen laguntzeko helburuarekin, ZU Mas Zainduz gizarteratze enpresa sortu dute Zumarragako Piedad kalean.

Inaugurazio ekitaldian Maite Martinez Lanbideko lan aktibazioko zuzendariak, Iñigo Luzuriagak Lanbidek Zumarragan duen bulegoko zuzendariak, Astrid Lopez de la Serna Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren ordezkariak, Jon Luqui Uggasako lehendakariak, Maria Antonia Elgarresta Uggasako Gizarte eta Lan arloko teknikariak, Gizateako (gizarteratze enpresen elkartea) Joana Revillak eta Miren Urquizuk eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.

Zumarragan langabezia %11,2koa da eta langabetuen %75-80 kualifikazio baxua duten personak dira (gehienbat emakumeak). Hori ikusirik, Zumarragako Udalak gizarteratze enpresa bat abian jartzea erabaki zuen. Sei urteko lanaren ondoren, helburua lortu du. 2020an lokala erosi zuen eta 2021ean Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen. Egitasmo hau eskualde mailako estrategiarekin bat dator.