- Urola Kirol Elkarteak festa handi bat egingo du ekainaren 18an, klubaren 50. urteurrena ospatzeko. Herri bazkaria eta kirol ekitaldiak egongo dira, besteak beste.

Bazkaria Urretxuko Ederrena pilotalekuan izango da, 14.30ean. Menuak 40 euro balio du eta txartelak ekainaren 10era arte salduko dira, ondorengo tokietan: Toki Alai (Maritxu), Oleta, Hirukia eta Bidezar tabernak, Txindoki eta Ezkurra kafetegiak, ATA Harategia, Doña Maximina oinetako-denda, Urbe jantzi-denda eta Argixaoko ?kantina.

Egun horretarako beste hainbat ekitaldi antolatu ditu Urolak Argixao estadioan. 10.30etik aurrera puzgarriak egongo dira Luis Urdangarin zelaian, baita 3×3 futbol txapelketa bat, bi adin tarte hauetako neska-mutilentzat: 4-8 eta 9-12 urte.

Bestalde, zelai nagusian hainbat futbol partida jokatuko dira. 10.00etan, Urolako eta Ilintxako beteranoek indarrak neurtuko dituzte. 11.30ean, hiruko txapelketa hasiko da. Emakumezkoen hiru taldek parte hartuko dute: Urolako seniorrak, kadete mailako Gipuzkoako selekzioa eta kadete mailako Bizkaiko selekzioa.

11.15ean, Argixaoko berdegune berriaren inaugurazio ofiziala egingo dute Zumarragako Udaleko ordezkariek, Urolako zuzendari-tzak eta 50. urtemugako batzordeak. Iazko abuztua eta iraila bitartean aldatu zen zelaiko belar artifiziala.

Urolak duela urtebete aurkeztu zituen urteurreneko ospakizunak. Ekitaldi guztiak denboraldi honetan egin dira. Irailean Antioko amabirjinari ohiko lore eskaintza egin zioten, Zumarraga-Urretxu txapelketa jokatu zen eta 50. urteurreneko ekipazioa aurkeztu zuten.

Otsailean Jon Plazaolak bakarrizketa egin zuen eta solasaldi bat gidatu zuen. Martxoan Joseba Apaolaza (jokalari ohia bera ere) etorri zen, Jokoz kanpo antzezlanarekin. Aste Santuan, urteroko moduan, Iñaki Mendiluzeren oroimenezko txapelketa jokatu zen. Ohi baino talde gehiagok parte hartu zuten. Aurki klubari buruzko liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte. l