- Igandean Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxaren 24. edizioa egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Irteera 7.00etatik 7.30era izango da, Areizaga-Kalebarren plazan. Antolatzaileek 31,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute. Desnibela 1.700 metrokoa da.

Mendizaleak Eitza aldera abiatuko dira. Soroitz, Saltsamendi eta Berroeta baserrietatik pasa ondoren, Izazpira (kontrola) igoko dira. Pagotxoeta-Samiño kordaletik Oñamendiko postontzi berria bisitatuko dute (kontrola). Oletatik Aizpurutxora jaitsiko dira (anoa postua eta kontrola). Berriro ere aldapa gora Elosuraino, Gorlatik Trekutz aldera (anoa postu likidoa) eta Irimo gailurretik (kontrola) Areizaga-Kalebarren plazara itzuliko dira.

Berrikuntza nagusia Oñamendi gailurrean egongo da: mendizaleek bertako postontzia ezagutzeko aukera edukiko dute. Iaz inauguratu zen, Beitiaren heriotzaren 25. urteurrenean.

Ibilbidea bukatutakoan, parte-har-tzaileek mendiko materialaren zozketan sarituak izan diren egiaztatu ahal izango dute. Zozketarako produktuak bertako dendekin elkarlanean erosi dira (Intersport, Alex Kirolak eta Bidegorri).

Internet bidezko izen-ematea maiatzaren 2an aktibatu zen. Izena aurrez aurre eman nahi dutenek, Urretxuko Aldiri kiroldegira eta Zumarragako Ispilla kiroldegira jo dezakete. Baita Ostadar mendi taldearen egoitzan ere. Azken honen egoitza Zumarragako kultur etxean dago eta astearte, ostegun eta ostiral arratsaldean egoten dira bertan. Aldez aurretik izena ematen dutenek 8 euro ordainduko dute eta igande goizean Areizaga-Kalebarren plazan izena ematen dutenek 10 euro. l