- Foro industriala egingo dute bihar Antioko interpretazio zentroan, Ziurgabetasun garaiak kudeatzen lemapean. Urola Garaiko enpresen topagune hau 15.00etatik 18.00etara izango da.

Merkatuaren egoeraren analisia egingo dute eta bere irakurketa estrategikoa errazteko gako ba-tzuk partekatuko dituzte.

Ekitaldian Iker Estensoro Aldundiko Sustapen Ekonomiko zuzendariak, Jon Luqui mankomunitateko eta Uggasa garapen agentziako lehendakariak, Xabier Arratibel UGLE lanbide eskolako zuzendariak eta Itziar Salaberria Uggasako zuzendariak parte hartuko dute. Beraiek arduratuko dira aurkezpenaz, hain zuzen ere.

Lehen mahai-inguruaren izenburua Energia eta lehengaiak: norantz doa merkatua? da. Aitor Urzelai SPRIko zuzendariak eta Iñigo Ansola EEEko zuzendariak parte hartuko dute. Moderatzaile lana Salaberriak egingo du.

16.10ean Jon Gurrutxaga Aldundiko Berrikuntza zuzendariak Talentua eta digitalizazioa, eraldaketaren gakoak hitzaldia egingo du. Ondoren, Telleria enpresako Jose Luis Romerok eta Premank enpresako Enara Insaustik praktika onei buruz hitz egingo dute. Uggasako Katia Madina izango da moderatzailea.

Kafearen ondoren, 17.10ean, Gizatea elkarteko Joana Revillak enplegu inklusiboaren erronkei buruz hitz egingo du. Ondoren, BST Rods enpresako Egoitz Asurabarrenak eta Katea Legaiako Patxi Gonzalezek praktika onei buruz hitz egingo dute. Uggasako Maria Antonia Elgarresta izango da moderatzailea. Bukatzeko, Gizlan sariak banatuko dituzte.