- Asteburuan herri kirolak izan dira protagonista Urretxun eta Zumarragan. Larunbatean festa bat egin zuten Antion eta igandean idi proba txapelketako finala jokatu zen Barrenkalen. Egoitz Armaolearen idiak nagusitu ziren.

Larunbaterako sekulako festa antolatu zuten Antion. Hasteko, taldekako pentatloia egin zuten. Julen Gabirondo, Karmele Gisasola eta Jon Loiola; Izeta VI, Lander Otermin eta Lucia Orberi nagusitu ziren. Lau segundoko aldea bakarrik egon zen.

Ondoren, IzetaVI.ak oso harri berezia altxatu zuen. 100 kiloko zilindroa Azpeitiko Oinatz auzoko Kojua perratzaileak Urretxuko kanpitoan zuen perratokira ekarri zuen astoarekin, 1960 inguruan. Elorriagako Jose Antonio Aranberrik Elizaldera igo zuen bizikletaz eta bertako ganbaran egon zen bi urtez. Auzoko gazteek desafioak egiten zituzten harriarekin. Elizalde baserriko nagusiak, gazteek sortzen zuten zalapartaz nazkatuta, bertatik eramateko esan zien. Elorriagara eraman zuten, idiekin. Bertan egon da azken hamarkadetan. Harria altxatu dutenen zerrenda luzea da: Paulo Aranberri zena, Aizpuruko Maria, Jexux Lizarazu...

Plazara bitan atera da:?Ezkizuko igerilekuan egindako jaialdi batean eta larunbateko festan. Izeta VI.aren erakustaldiaren ondoren, paella jana egin zuten. Hamabost kilo arroz jan zuten. Arratsaldean sokatira lehiaketa herrikoia egin zen. Zortzi taldek parte hartu zuten. Helduen artean, Denak Bat taldea nagusitu zen. Haurren artean, berriz, Txurdin taldea.

Igandean, berriz, idi proba txapelketako finala jokatu zen Urretxuko probalekuan. Egoitz Armaolearen idiak nagusitu ziren. 48 plaza egin zituzten. Bigarren postuan Ipeñarrietakoak sailkatu ziren eta hirugarren postuan Iñaki Irigorasenak.