- Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak topaketa antolatu du asteburu honetarako. Ekitaldiak bihar eta etzi izango dira, Antion eta Urretxuko probalekuan.

Biharko saioa 11.00etan hasiko da, taldekako pentatloiarekin. Izeta VI.a, Gabirondo, Zelai III.a, Lucia Orbe, Lander Otermin eta Tubi Bustintzak parte hartuko dute.

Ondoren, harri berezi bat aurkeztuko dute eta Izeta VI.a harri hori altxatzen saiatuko da. Bere lana bukatzen duenean, nahi duten guztiek herri kirol modalitate ezberdinak praktikatzeko aukera edukiko dute.

Artzain txakur erakustaldia ere egongo da. 14.00ak aldera bertaratutako guztiek bertan prestatutako paella jateko aukera edukiko dute. Bazkalostea trikitilariek eta bertsolariek alaituko dute. Jarraian, sokatira txapelketa herrikoia hasiko da. Parte hartzeko baldintza bakarra taldearen pisua 540-560 kilo artekoa izatea da. Lehenengo hiru sailkatuentzako sariak egongo dira. Izena emateko, uzherrikirolak@hotmail.com helbide elektronikora idatzi behar da edo 943 47 88 71 zenbakira deitu. Sari banaketaren ondoren, kalejira egingo dute.