xue Kerejeta zumarragarra trikitilari gisa egin da ezagun, baina beste instrumentu batzuk ere jotzen ditu. Bikain, gainera. Gaztea Cover lehiaketarako Xabi Bandiniren Zalantza eta egia kanta jo zuen Legazpiko dorretxeko pianoarekin eta finalerdietara sailkatzea lortu du. Boto gehien jaso dituena izan da, gainera. Publikoak lau musikari aukeratu ditu eta finalerdietara pasako diren gainontzeko 16ak epaimahaiak hautatuko ditu. Finalaurreak maiatzaren 31n eta ekainaren 7an emitituko dira eta sei lagun pasako dira finalera. Ekainaren 14an izango da eta ETB1en emango dute.

Kerejeta oso pozik dago, noski. "Duela bost bat urte gitarra bat oparitu zidaten eta coverrak (beste artista batzuen abestien bertsioak) egiten hasi nintzen. Oso eroso senti-tzen naiz. Abesti bat jotzen duzunean, nahiz eta zurea ez izan, zurea egitea oso garrantzitsua da. Irailean, berriz, piano ikasketak hasi nituen. Irakasle zoragarria dut, Jon Goenaga, eta gozatzen ari naiz".

Zalantza eta egia kanta asko gustatzen zaio eta Goenagari pianoarekin jotzeko laguntza eskatu zion. "Partitura erraz bat egin zuen, nik jotzeko modukoa, eta asko gustatzu zitzaidan".

Hala, Gaztea Cover lehiaketaren berri izan zuenean, parte hartzea erabaki zuen. "Oraindik ez dut pianoa menderatzen, baina abesti hori abesten oso gustura sentitzen naiz eta abesti hori aurkeztea erabaki nuen. Abestiak estratosfera aipa-tzen du eta niri estratosferara eramaten nau".

Entzuleei abesti hori jotzen duenean sentitzen duena transmititu nahi zien eta lortu duela dirudi. Izan ere, bere bideoa bozkatuena izan da. "Musika eskolako pianoarekin grabatu nuen. Bideoa Arri Iraetak grabatu zuen. Ez nuen bozkatuena izatea espero. Asko pozten nau, denek trikitixarekin lotzen bainaute. Dagoeneko kon-tzertu bat egiteko deitu didate. Gitarrarekin eta teklatuarekin egingo dut. Gainera, nire abestiak konposatzen ari naiz".