- Urretxuko eta Zumarragako udalek Oporretan gozatu eta dibertitu programa antolatu dute Pazko Asterako. Ekintza batzuk Santa Barbaran izango dira eta besteak Ederrena pilotalekuan.

Santa Barbarako ekintzak Urretxuko Udalak antolatu ditu. Gaur, bihar eta etzi izango dira. 2011 eta 2015 bitartean jaiotako 40 haurrek parte hartuko dute. Lau saio egongo dira: gaur eta bihar goizez (11.00etatik 13.00etara) eta etzi goizez eta arratsaldez (11.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.00etara).

Gaurko mendi buelta egitea zegoen aurreikusita, hostoak biltzeko eta horiekin eskulan bat egiteko. Biharko orientazio jolas batean parte hartzea eta etzirako altxorraren bila jolasean parte hartzea. Eguraldi txarra dela eta, ekintzak moldatu egingo dituzte: aterpetxean bertan eta aterpetxearen inguruan egingo dituzte.

Santa Barbarako ekintzetan parte hartzeko izena eman beharra zegoen. Ederrena pilotalekuko ekintzetan parte hartzeko, ordea, ez dago izena eman beharrik.

Pilotalekuko ekintzak bi udalek antolatu dituzte. Tailerrak eta jolasak egongo dira, ostirala arte: 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara. Tailer eta jolas hauetan 2011 eta 2018 bitartean jaiotakoek parte har dezakete (biak barne). Gainera, gurasoek pilotalekua haur-tzaindegi moduan erabiltzeko aukera dute.

Sarrerek 2,5 euro balio dute saio bakoitzeko. Egun osoko sarrerak 4 euro balio du. Ederrena pilotalekuan bertan eros daitezke.

Pilotalekuko ekintzak atzo arratsaldean hasi ziren eta giro bikaina egon zen. Haurrek puzgarrietan, futbolinean, ping-pongean... jolasteko aukera eduki zuten. Baita eskulanak egiteko aukera ere. Joan zen astean eguraldi bikaina egin zuen, baina aste honetarako iragarrita dagoena ikusita, eskerrak Urretxu eta Zumarragako udalek ekitaldi hauek antolatu dituzten!