- Antxiñako Ama taldeak txistu jaialdia egin zuen larunbatean Beloki pilotalekuan, pandemiak eragindako bi urteko hutsunearen ondoren. Musikari askok parte hartu zuten eta Zumarragako Trikitixa omendu zuten, 2020an 100 urte bete baitzituen.

Beti bezala, dozenaka artistek parte hartu zuten: Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako txistulariek, Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek, Irrintzi eta Lurra dantza taldeek, Gorobel metal boskoteak, Maddi eta Garazi Martin abeslariek, Mikel Alustiza abeslariak, Uxue Kerejeta abeslari eta panderojoleak, Kike Mora baxu-jotzaileak, Carlos Sagi perkusio-jotzaileak, Dani Tomas gitarra-jotzaileak, Arantzazu Mujika biolinistak, Javier Arratibel pianistak eta Edurne Iturbe trikitilariak. Maria Jesus Arratibelek zuzendu zuen kontzertua.

Aitor Goia eta Josu Perez argazkilariek emanaldia beraien argazkiekin edertu zuten. Aurkezle lanetan, berriz, Larraitz Urrestilla eta Joanes Segurola aritu ziren. Beti bezala, Zumarragako pilotalekuko harmailetan jende asko elkartu zen.