- Mikel Serrano alkateak Euskadi plazaren obrak bisitatu zituen ostiralean. Lanak bide onetik doazela eta obra urrian amaituko dela aipatu zuen.

Obra Moyua enpresari esleitu zioten, 654,500 euroan. Lanak urtarrilaren 28an hasi ziren. Plazako baldosa guztiak kendu dituzte, baina probalekua bere horretan utziko dute. Jubilatuen etxea dagoen aldean baldosa berriak jarri dituzte dagoeneko. Plaza guztian baldosa horiek jarriko dituzte. Granitozkoak dira eta kolore argikoak. "Zaharrak baino gogorragoak dira eta kolore argikoak hautatu ditugu plazari argitasuna eman diezaioten", esan zuen alkateak.

Gainera, ur, argindar eta telekomunikazio sareak berrituko dira. Ura azokaraino eramango da, bertan postuak jartzen dituzten baserritarrek ura izan dezaten. Baserritarren gunean, alderik alde, armairu ba-tzuk jarriko dira. Armairu horietan azokako baserritarren mahaiak gordeko dira. Orain arte, astoak eta oholak erabiltzen zituzten.

Bestalde, Udalak Migel Lopez de Legazpiren estatua inguratzen zuen burdin hesia eta hesi barruko zuhaixkak kendu ditu. "Horri esker, plaza handiagoa dela dirudi. Plaza osoan ez dago bankurik eta estatuaren inguruan banku bat jarriko dugu", aurreratu du alkateak.

Plaza berritzeaz gain, Soraluze kalea oinezkoentzako egingo da eta Zelai Ariztitik plazara doazen eskaileretan karga-jasogailu bat jarriko da. Soraluze kaleko obra maiatzeko lehen egunetan hasiko da. Obra zenbaki bikoitien aldean hasiko da, mugikortasuna bermatzeko. Aurki bizilagunekin bilera bat egingo dute, informazioa eskaintzeko eta beraien zalantzak argitzeko. Soraluze kaleko obrak bost hilabeteko iraupena izango du.

Karga-jasogailuari dagokionez, obra hilabete amaieran hasiko da. Bide batez, Zelai Ariztitik plazara doazen eskailerak berrituko dira. Piedad kaletik plazara doazenen kolore berekoak jarriko dira.

Hiru egitasmo hauek Europar Batasunaren laguntza jaso dute. 925.000 euroko dirulaguntza, hain zuzen ere. Hori dela eta, hiru obrak aurten amaitu behar dira. "Europatik 66 milioi euro heldu dira Estatura halako egitasmoetarako. Horietatik, sei heldu dira Euskadira. Sei milioi horietatik, 925.000 euro Zumarragara heldu dira. Lehendakariak berak ekonomia berpizteko inbertsio publikoa beharrezkoa dela esan zuen. Egitasmo honetan 1,2 milioi inbertituko dugu, herriko merkatarien mesedetan. Eta oraindik sei milioiko soberakina izango dugu".

Plaza ingurukoa ez da Zumarragako Udalak abian duen obra bakarra. Esteban Orbegozo auzoan irisgarritasuna hobetzen ari da. Lanak martxoan hasi ziren. Antio enpresa da obra egiten ari dena. Aurrekontua 274.000 eurokoa da.

Auzoa ezarritako irisgarritasun irizpideen arabera zaharberrituko da eta beheko solairuetako etxebizitzei pribatutasun handiagoa emango zaie. Urak biltzeko sarea eta auzoaren estetika hobetu egingo dira.

Atari guztiak irisgarriak izan daitezen, kotak altxatuko dira eta arrapalak egingo dituzte. Azpiegitura guztiak (ura, gasa, ur beltzak, argindarra eta telekomunikazioak) kota berrira egokituko dira.

Argiteria publikoaren sarea mantendu egingo da, baina hainbat argi puntu mugitu egin beharko dira. Eskaileran dauden argi zutoinak aldatu egingo dira eta errepidearen beste aldean dagoena (eskaileraren aurrean) lau metroko bategatik ordezkatuko da. Aldatzen ez diren zutoinak margotu egingo dira.

Obra amaitzean, eskaileraren ondoko oinezkoen bidea asfaltatu egingo da eta zebrabidea altxatu egingo da autoen abiadura murrizteko. Horretaz guztiaz gain, baranda eta paperontzi berriak jarriko dira.

Europar Batasunak 925.000 euroko dirulaguntza eman dio Zumarragako Udalari plaza eta bere ingurua zaharberritzeko