- Apaiz kartzela

Apaiz kartzela dokumentalean sekula kontatu ez den gertakizun bat kontatzen da: Francisco Franco diktadoreak eta Vatikanoak Konkordatua adostu zuten eta, horren eraginez, 1968an Zamorako Konkordatu Kartzela sortu zuten. Bertan, diktaduraren errepresioaren aurka jardun zuten apaizak zigortu zituzten.

50 urte beranduago, Zamoran preso egondako lau apaizek aspalditik itxita dagoen kartzelara bisita egingo dute eta bertan bizi izandakoak ekarriko dituzte gogora: ihes egiteko tunela, gose grebak, mutina... 1976an itxi zuten arte.

Emanaldi hau legazpiarrek Korrikaren inguruan antolatu dituzten ekitaldien barne antolatu dute. Aurten Korrika ez da Legazpitik pasako, baina ez da oharkabean joango: Korrika Batzordea eratu da eta honek hainbat ekitaldi antolatu ditu: kultur etxean erakusketa bat egin dute, gaur Korrika Txikia egingo dute eta Korrika materiala erosteko aukera eman dute. Erakusketan Korrikaren historia jaso dute, argazkitan eta testutan. Bihar itxiko dute. Kultur etxeko erakusketa aretoa 17.30etik 20.30era irekitzen da.

Gainera, bihar legazpiarrak Urretxura joango dira Korrikan parte hartzera. Legazpiarrek 14.30ean egin dute hitzordua. Euskaraldia plazan (BBVA parean) elkartuko dira eta bidegorritik Urretxura joango dira, oinez. Kalejira aldarrikatzailea egingo dute. 15.50ean Korrikarekin bat egingo dute.