16 urtez azpiko haur eta gaztetxoen kirol entrenamenduetan eta jendaurreko ekitaldietan euskararen erabilera neurtu du rola Garaia Udal Elkarteak. Neurketaren arabera, kirolarien %67ak euskara erabiltzen du.

Neurketaren datuak atzo aurkeztu zituzten Urretxuko udaletxean. Ekitaldian, Jon Luqui Udal Elkarteko lehendakari eta Urretxuko alkateak, Nerea Errasti Zumarragako zinego-tziak, Amaia Zaldua eta Iñigo Imaz Legazpiko zinegotziek, Joseba Beltza Emun-eko teknikariak eta Kerman Garraldak parte hartu zuten. Azken hau Goierriko Hedabideetako langilea da eta Euskara Urola Garaiko kirolean liburuxka idatzi du, udal elkarteak eskatuta.

Beltza izan zen datuak eman zituena. Honakoa bigarren diagnostikoa dela esan zuen. "Lehenengoa 2019ko udazkenean egin zen eta bigarren hau 2021eko udazken eta neguan. Duela bi urteko galdetegi berbera erabili digu, bi diagnostikoak konparatu ahal izateko".

Urola Garaian 22 kirol elkarte daude. Horiek 70 talde dituzte. Talde horietan 1.323 haur eta gaztek egiten duten kirola, 134 entrenatzailek lagunduta. 22 klub horietatik, 18k erantzun dute galdetegia. Bi herenek, %67ak, entrenamenduak euskaraz egiten dituzte. Datu hori duela bi urteko bera da. "%23a ez dago oso argi: entrenatzaile batek euskaraz egiten duelako eta besteak gazteleraz, datua ez dutelako argi eman... %9ak, berriz, entrenamendua gazteleraz egiten du".

Neskek mutilek baino gehiago erabiltzen dute euskara. "Neskak dauden taldeetan, %77ak entrenamenduak euskaraz egiten ditu. Mutilen kasuan, kasuen %48an euskaraz edo gazteleraz entrenatzen duten zalantzazkoa da. Hurrengo neurketetan argitu beharreko datua da".

Azterketan parte hartu duten 18 klubetatik, bederatzitan euskaraz entrenatzen dute. Taldeen %60ak euskara hutsean entrenatzen du. Entrenatzaileei dagokienez, 95 euskaraz aritzen dira: %72a.

Beltzak kirol bakoitzak bizi duen errealitateaz ere hitz egin zuen. "Futbolean eta eskubaloian ematen dira zalantzazko kasu gehienak. Jende asko biltzen dutenez, eragin handia dute datu orokorrean. Futbolak kirolari guztien laurdena hartzen du".

Herriz-herriko datuei dagokienez, Ezkion klub bakarra dago: pilota eskola. "Euskaraz egiten dute, noski. Legazpin, Urretxun eta Zumarragan datuak antzerakoak dira".

Garraldak martxoaren 21etik aurrera Goierri garaiko etxe guztietan banatuko den aldizkariari buruz hitz egin zuen. Aldizkarian euskara hutsean aritzen diren 42 taldeen zerrenda eta Garraldak egindako zortzi elkarrizketa jaso dituzte.

Zortzi elkarrizketatuak Legazpiko La Salle eskubaloi taldeko Manolo Mugerza, Legazpiko Gazteak pilota eskolako Ander Perez, Ezkioko pilota eskolako Jose Mari Gabilondo, Urretxuko gimnasia erritmiko taldeko Ainhoa Aranbarri, Goierriren saskibaloi saileko Lukas Lopez, Urola eskubaloi klubeko Samuel Segade, Urola futbol taldeko Ainhoa Plagaro eta Legazpiko judo klubeko Asier Berasategi.

Zortzi klub horietan euskaraz lan egiten dute. "Ezkioko pilota eskolakoek Ezkion pilotan gazteleraz egitea arrotza egingo litzaiekeela esan zuten. Guztiek balioak zaintzen dituztela esan zuten eta balio horietako bat euskararen erabilera dela aipatu zuten. Entrenatzaileen papera oso garrantzitsua dela esan zuten. Gaztelerazko hiztegi teknikoa erabiltzeko ohitura dutela esan zuten eta hori ere landu beharreko gaia da".