- Maite Arbonies margolariak Maisha liburuko ilustrazioak egin ditu eta Betzaida Urtaza egilearekin aurkeztuko du gaur, 19.00etan, Urretxuko liburutegian.

Arboniesen hirugarren liburua da. "Ez ditut liburu asko ilustratu: Ikastolaren liburu bat, Ikerrek (bikoteak) argitaratu zuen bat eta azken hau. Instagramen nire lanak erakusten ditut, Betzaidak argitaletxe bat sortu du eta ilustratzaile lana egitea proposatu zidan".

Lan prozesua oso aberasgarria izan dela dio. "Oso prozesu polita izan da, baina ez da erraza izan. Beste batek buruan duen hori marraztea ez zait erraza egin. Ez nago horretara ohituta, orain arte nire kasa lan egin baitut. Erronka izan da".

Oso gustura dago egindako lanarekin. "Nobela bat da. Hiru belaunalditako hiru emakumeren istorioa kontatzen da, alzheimerra tarteko. Gaixotasun horren eragina kontatzen da. Bizipenak, poemak... daude. Oso gauza ezberdinak. Oso liburu interesgarria da".

Arbonies irakaslea da lanbidez. "Nerabezaroan Zumarragako arte ederren eskolara joan nintzen. Ondoren, arte ederrak ikasi nuen. Arte ederrak ikasi ondoren, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra egin nuen. Ondoren, arteterapia eta antzerako tailerrak egin nituen eta haurrei sormen tailerrak eman nizkien".

Egun, Debagoienako Arizmendi ikastolan lan egiten du. "DBHkoei ematen dizkiet eskolak. Umeekin asko gozatu nuen eta DBHkoekin ere oso gustura nago. Gainera, Arizmendin sekulako aldaketa egin dute eta hori bizitzea altxorra ari da izaten niretzat".

Egitasmo pertsonalei dagokienez, nahi baino gutxiago egin ditu. "Denbora falta, egindako lana erakustera animatzea asko kostatzen zait...". Amaia Iturriotz lehengusinarekin Lurretikan ikuskizuna egin zuen. "Elkarlanean aritzea errazagoa da. Bidaietan asko marrazten dut, emakume berezien erretratu asko nituen eta Amaiak eta biok marrazkiak eta hitza lotzea erabaki genuen".