- Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua Zumarragan egon zen atzo, Euskadi plazako obra bisitatzen.

Hurtadok eta Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa egin zuten kultur etxean. Ondoren, obra bisita-tzera joan ziren, Rosa Maiza zinegotziarekin. Bukatzeko, bilera egin zuten udaletxean.

Serranok egitasmoak Europako Next Generation funtsen 925.000 euroko laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren 250.000 euroko laguntza lortu dituela gogoratu zuen.

Hurtadok Zumarragako Udalak egindako lana txalotu zuen. "Egitasmoaren helburua azoka herriko bizitzaren erdigunean jartzea da. Euskadin arlo horretako bederatzi egitasmok jaso behar dute Next Generation funtsen lagun-tza eta horietako bat Zumarragakoa da. Oso egitasmo garrantzi-tsua da, turismoa eta merkatari-tza uztartzen baititu eta herria egiteko balio baitu".

Serranok proiektu estrategikoa dela gehitu zuen. "Egitasmo honek lehen sektorearekin eta merkatariekin harreman zuzena izatea ahalbidetu digu. Parte-hartze prozesuak egin ditugu eta beraien proposamenak jaso ditugu. Gure nahia herritarrak larunbatero azokan elkartzea da", aipatu zuen Zumarragako alkateak.

Horretarako, hainbat ekintza egingo dira. Besteak beste, plaza berrituko da, Zelai Arizti aretoaren ondoko eskaileretan karga-jasogailu bat jarriko da, erakusleiho digitala egingo da eta wi-fi sarea jarriko da. Karga-jasogailua azokako saltzaileentzat jarriko da, baina gainontzeko egunetan gainontzeko herritar guztiek erabili ahal izango dute. Plaza urte amaierarako berrituko dute.