- Gorputz berdingabeak. Gorputzaren onarpena erakusketa ireki du Pablo Albisua zumarragarrak herriko kultur etxean. Erakusketa hau hilaren 20a arte egongo da zabalik. Astelehenetan eta ostiraletan, 19.00etatik 20.00etara, bisita gidatuak eskainiko ditu.

Albisuari birziklatutako materialekin lan egitea gustatzen zaio. “Materialei bigarren aukera bat emateko nahia edo beharra dut. Apartatu nin-tzenean sortu zitzaidan behar hori. Eztanda bat izan zen. Lur jota nengoen. Bere funtzioa ondo bete ondoren, alde batera uzten diren gauzekin identifikatuta sentitzen nintzen. Berez nuen artearekiko zaletasunari materialen birziklatzea gehitu nion. Lehen erakusketa familiaren eboluzioari buruzkoa izan zen eta oraingoa gorputz guztien onarpenari buruzkoa. Horretarako, emakumeen bularrak hartu ditut ardatz bezala”.

Emakumeen bainujantzien plantxak erabili ditu. “Anaiaren kirol-dendako biltegian zeuden bainujan-tzi plantxak erabili ditut. Anaiak, bota aurretik, niri eskaini zizkidan. Gorputz guztiak berdinak direla, gorputz guztien oinarria berbera dela, guztiak balekoak direla, aldarrikatzeko erabili ditut”, azaldu du.

Mezu horrek bere egoerarekin lotura estua du. “Iktus bat izan nuen. Ezkerra nintzen eta ezkerra galdu dut. Eskuineko eskuarekin moldatu beharra dut. Lehen oso marrazkilari ona nintzen eta orain ezin dut lehen bezala marraztu. Beste modu batera azaldu behar ditut nire burutazioak. Plantxa hauek asko lagundu didate: ?guztiek formatu bera dute, baina bakoitzean egoera ezberdin bat islatu dut. Nire emazte Yolandari eskerrak eman nahi dizkiot, bakarrik ezin izango bainuke egitasmo hau aurrera atera”.

Emakumeen egoera ezberdinak jaso ditu, bere gizonezko ikuspegitik. “Emakumeen gorputzak eraldatzen diren moduan, nirea ere erabat aldatu da. Lehenengo edadeagatik eta ondoren iktusagatik. Bularren eraldaketan fokalizatu dut nire lana, egoera guztiak ontzat emanez: ?lan batzuk amatasun prozesua azaltzen dute, mastektomia ere azaltzen da, bularretakoa kartzela izan daitekeela... Yolandaren alabak bi urte eta erdiko umea du eta amatasuna isla-tzeko eskatu zidan: hasieran titi handiak, ondoren umeari titia kentzea eta azkenik titiak bi galtzerdi bezala gelditzen dira. Materialek asko laguntzen didate gaia aukeratzeko orduan eta oraingoan irratian entzundako elkarrizketa batek ere bai: bular bat bestea baino handiagoa duen neska batek bere bizipenen berri eman zuen eta horrek lan hauek egitera bultzatu ninduen”.

Emakumeen bularrak hartu ditu ardatz bezala eta bainujantziak erakusteko erabiltzen diren plantxak margotu ditu