- Lekanazpi elkarteak Negua badoa biolin kontzertua antolatu du biharko: Antton Iriartek sei pieza joko ditu, 17.30ean, Bikuña-enea plazan. Eguraldi txarra egiten badu, kontzertua elkartean egingo dute. Sarrerak 3 euro balio du.

Iriarte Gabiriako musika eskolan hasi zen musika ikasten, 6 urterekin. Legazpiko kontzertu batean biolina jotzen ikasteko gogoa sortu zitzaion eta Legazpiko musika eskolara etorri zen 9-10 urte zituenean. 14 urterekin, Donostiako kontserbatoriora joan zen. Bertan, biolineko gradu profesionala egin zuen. Egun, 23 urte ditu eta konposizio gradua egiten ari da Iruñean.