- Geriatriko zaharrean alokairu sozialerako 30 bizitoki eraikiko dira. Horrela sinatu zuten atzo Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak

Hitzarmenaren arabera, Udalak adinekoentzako egoitza zaharra doan utziko du. Jaurlaritzak eraikina botako du eta beste bat eraikiko du. Beheko solairuan, 475 metro koadroko lokal bat egongo da eta Jaurlaritzak Udalaren esku utziko du. Honek, behar sozialetarako erabiliko du.

Apartamentuak aldi baterako alokairuan esleituko zaizkie, gehienez ere bost urterako, etxebizitza premia berezia duten kolektiboei, hilero kanon bat ordaintzearen truke. Kanon horrek ez du gaindituko bertan biziko direnen errentaren %30a.

Esleipendunek Etxebiden indarrean dauden baldintzak bete beharko dituzte. Besteak beste, 3.000 eta 39.000 euro arteko diru sarrerak izan beharko dituzte eta ez dute euren jabetzako etxebizitzarik izan beharko. Zumarragan erroldatuta hiru urte baino gehiago daramatenek izango dute lehentasuna.

Lehentasuna izango dute ere 36 urtetik beherako gazteek eta, bereziki, 70 urtetik gorako pertsonek; baldin eta etxebizitza bat badute, etxebizitza horrek beraien premiak ez dituela asetzen uste badute eta Alokabideri uzten badiote Bizigune programan sartzeko.

Adineko hauek geriatriko zaharraren tokian egingo duten eraikinean mugarik gabe bizi ahal izango dira, betiere bizitoki horrek euren autonomia pertsonala bermatzen jarraitzen badu eta Alokabideri lagatako etxebizitzak programa horretan sartuta jarraitzeko baldintzak betetzen jarraitzen badu.

Geriatriko zaharrekoak ez dira Arriolaren sailak Zumarragan eraikiko dituen etxebizitza bakarrak. Aurki alokairu babestuko 108 etxebizitza egingo ditu Eitzan.